2020-02-03 18:01

Iragan urtarrilaren 27an gudaroste sobietarrek Auschwitzeko konzentrazio eremua askatu zuteneko urteurrena oroitu zen. Israelgo erregimenak, beste askotan bezala, efemeride hori baliatu du Holokaustoaren biktimen ordezkaria dela aldarrikatzeko, eta euren oroimen historikoa monopolizatzeko. Halaxe, Holokaustoaren Nazioarterko Foroa antolatu dute Jerusalenen, eta bertan mundu osoko mandatariek hartu dute parte, egitasmoari babesa emateko. Topaketa horretatik egun batzuetara, gainera, Donal Trumpek Palestinako behin betiko konponbiderako egitasmoa aurkeztu zuen, egileek "Mendeko Akordioa" izendatu dutena. Gertakaera hauek guztiak aztertzeko Liliana Cordova Kaczerginski ekintzaile internazionalista izan dugu solaskide Uhintifadako mikrofonootan. Cordova Judu Anti-sionisten Nazioarteko Sareko (IJAN) sortzaileetako bat da. Parisen jaio zen eta haren aita Vilnako (Lituania) ghettoko gudari judu komunista izan zen Bigarren Mundu Gerran. 14 urtez bizi izan zen Israelen, bertan letra hebreera eta hispanoamerikarren ikasketak egin zituen Jerusalemeko Unibertsitate Hebrearrean. Handik Frantziara alde egin zuen berriz, eta bertan pedagogo lanetan aritu zen. Gaur egun erretiratuta dago eta 2008an, haren mugimenduarekin batera, BDZ kanpainiarekin bat egin zuen. Bere jardunean salatu du Jerusalenen antolatutako Holokaustoaren Foroa iruzur bat dela; izan ere; Israelek ez du inolako zilegitasunik, ez moralik ez historikorik, europearren arteko gatazka bateko biktima juduen ordezkatzeko. Halaber, ohartarazi du, juduez gain, beste kolektibo asko ere izan zirela genozidio haren biktima, eta horiek ere oroimena merezi dutela. Haren esanetan Holokaustoaren Foroa ertsiki lotuta dago Trumpek egun batzuk geroago aurkeztu zuen Palestinarako konponbide planarekin. Lehenik, nazioarteko mandatarien presentziaz zilegitasuna eman diote Jerusalengo anexioari; eta ondoren, prestatu dute eremua Trumpen egitasmo gaiztoa ezartzeko.  Bestetik, aurreikusi du ibilbide orri horren hurrengo pausua populazio palestinarra kanporatzea izango dela. Cordovak azpimarratu du, gainera, munduko komunitate judu osoak ez duela ikusten bere burua sionismoak ordezkatuta, eta salatu du espainiar estatuko lobby sionistaren harremanak eskuin muturrarekin. Salatu du, era berean, CAF euskal enpresari esleitu dioten Jerusalengo tranbiaren eraikuntzarako proiektua ilegala dela, eta ezinbesteko azpiegitura dela kolonien anexioa burutzeko.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Euskal erakunde internazionalista bat da