2020-01-21 10:38

Iragan udazkenean, beste denboraldi batez, oliba biltzeko kanpainia burutu da Palestinan. Olibaren uzta aintzinako jarduera izan da nekazari palestinarrentzat, baina azken urteotan erresistentzia jarduera bilakatu da; izan ere; lur sailetara iristeko eta mugitzeko murrizketei ezezik, jarduera normalizatua eragozteko helburua duten kolonoen eraso etengabeei ere egin behar izaten diete aurre palestinarrek.

Egoera honetaz hitz egiteko, Lidia eta Yousraren testigantza jaso dugu Uhintifadako mikrofonootan. Bi ekintzaileek Palestinako nekazariei olibaren bilketan laguntzeko nazioarteko brigada batean hartu dute parte aurten. Nekazari palestinarren deiari erantzunez, munduko hainbat taldek, besteak beste Unadikum erakundeak, brigada solidarioak antolatzen dituzte; nazioarteko ekintzaileen presentziaz zeregin horietan babesa emateko. Gure solaskideek azaldu digute zenbatekoa den olibaren garrantzia nekazari palestinarrentzat, ikuspegi ekonomikotik zein sinbolikotik. Halaber, kontatu digute euren esperientzia, nekazari palestinarren partetik jaso zuten harrera beroa, eta kolonoen erasoen ondorioz pairatu dituzten egoera bortitzak. Horietako bat, Yousra, atxilotu egin zuten Herri Erresistentziarako Batzordeek antolatutako ekintza baketsu batean parte hartzeagatik. Bestalde, azpimarratu dute nazioarteko ekintzaileen presentziaren garrantzia, horien testigantzarik gabe kolonoen eta armadaren inpunitatea isilean geratuko bailitzateke. Era berean, aldarrikatu dute BDZ kanpainiaren garrantzia nazioarteko gizarte zibilak israelgo apartheid erregimenaren kontra presionatzeko tresna baita.



Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Euskal erakunde internazionalista bat da