2020-01-07 15:00

Iragan abenduaren 20an Nazioarteko Zigor Auzitegiko Fiskalak iragarri zuen prest zegoela Israelen aurkako ikerketa bat abiatzeko; Zisjordanian, Jerusalen Ekialdean eta Gazan burututako gizateriaren aurkako krimenengatik. Iragarpen horren garrantzia aztertzeko David Bondia izan dugu solaskide Uhintifadako mikrofonootan. Bondia Doktorea da Zuzenbidean, Nazioarteko Zuzenbide Irakaslea Bartzelonako Unibertsitatean, eta Kataluniako Giza Eskubideen Institutuko Presidentea. Nazioarteko legediaren arloan itzal handiko aditu honek argitu digu horrelako erabaki batek izan dezakeen ibilbidea, haren ustez historikoa baita; eta NZAk Palestinan duen eskumena, ez estatuak, baizik eta gerra krimenak burutu dituzten pertsonak epaitzeko. Haren ustez, NZAren erabakia oihartzun handikoa da, eta horren erakusle dira Israelek erabakiari aurre egiteko eta NZA bera deslegitimatzeko inbertitzen ari den baliabide guztiak. Goraipatu du Palestinak garatu duen estrategia juridikoa, eta sinesten du Nazioarteko Zuzenbideak tresna egokiak dituela Israelek burututako gizateriaren aurkako krimenak epaitzeko. Nolanahi ere, uste du aferaren garapena jarraitu beharko dela, izan ere, bukaerara arte iritsiko balitz, Israelgo inpunitatearen amaieraren hasiera ekar lezake. Salatu du, neurri berean, erantzunkizuna exijitu behar zaiela nazioarteko komunitateko estatuei, baita espainiarrari ere, ez dutelako behartzen Israel nazioarteko legedia bete dezan.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Euskal erakunde internazionalista bat da