2019-12-17 11:39

Dagoeneko tradizioa denez Uhintifadako mikrofonootan, urteko azken saioan Bethlehem herritiko kronika jaso dugu, Juani Rishmawiren eskutik. Rishmawi Health Work Committees erakundeko (Osasuneko Langileen Komiteak) langilea da eta hiru hamarkada daramatza elkarte horretarako lanetan Palestinan. Gainera, Hala Bedi irratiko kolaboratzailea ere bada. Bere jardunean kontatu digu Gabon garaiaren atarian bidaiari asko doazela Bethlehemera (erromesak, turistak, bidaiari solidarioak...); eta jende mugimendu horrek, nolabait, arnasbide bat ekartzen diola setiopean bizi den populazio palestinarrari. Halaber, azaldu du bidaiari horietako asko populazio palestinarrak okupaziopean pairatzen dituen bizibaldintzen lekuko zuzenak izango direla. Dena den, ohartarazi du turisten mugimendu horrek azalarazten duela nazioarteko bidaiarien eta bertako populazioaren arteko aldea; batzuek nolabaiteko mugimendu askatasuna daukaten bitartean, bertakoak porlanezko harresi batek inguratuta bizi direlako. Horixe da apartheid erregimenaren adierazgarririk argiena. Bestalde, arreta deitu du Bethlehem inguruko kolonien hedapenaz. Kolonia horiek Jerusalengoekin bat egin dute, eta sare horren hedapena lurraren anexio ilegalaren estrategiaren parte da, eta baliabide bat Jerusalengo populazio palestinarraren garbiketa etnikorako. Hedapen prozesu hori areagotu egin da azken urteotan, bereziki AEBetako administrazioak Jerusalengo anexioari onespena eman dionetik, eta koloniek ilegalki okupatutako eremuen gainean Israelgo autoritatea onartu duenetik. Gure solaskideak salatu du hirigintzak eta azpiegituren eraikuntzak garbiketa etniko politikei laguntzen dietela, bereziki Jerusalengo kasuan. Han Euskal Herriko enpresa batek, CAFek, izango du kolonia ilegalak hirigunearekin lotuko dituen trenbidea eraikitzeko ardura. Era berean, azpimarratu nahi izan du nazioarteko erakundeen inkoherentzia, eta bereziki Eusko Jaurlaritzarena; batetik, besteak beste, bere erakundearen proiektu humanitarioak diruz laguntzen dituzten bitartean, gerra krimenetan esku hartzea duen enpresa bat ere finantziatzen dutelako.


Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Euskal erakunde internazionalista bat da