2019-12-03 12:02

Aste honetako atalean Gazako zerrendan jarri dugu arretagunea, izan ere, azken asteotan Israelgo armadak erasoaldi bereziki bortitza burutu du bertan. Palestinako itsasertzeko txoko hartako egoera aztertzeko Mussaab Bashir kazetari eta itzultzaile gazatarrekin solastu gara. Egun Zaragozan bizi bada ere, Bashir HispanTV korrespontsala izan da Gazan, eta gainera, preso politiko palestinarra ere izan da.  Bere jardunean Benjamin Netanyahuren jarrera politikoa egonkortzeko kanpainia baten barruan kokatu du azken asteotako Gazaren aurkako erasoaldia, izan ere, Israelgo ministroaren irudia kaltetuta dago hauteskundeen emaitza eskasengatik eta ustelkeria salaketengatik. Indar okupatzaileak zuritu nahi izan ditu  azken eraso horiek Yihad Islamikoaren kontrako errepresalia erasoak direla esanez; baina, beti bezala, kaltetua populazio zibila izan da. Bestalde, Bashirrek ez du zuritzen Hamasek gatazka honetan duen erantzunkizun maila, haren esanetan, zanpatuta daukatelako Gazako jendea; eta gainera, paradoxikoki, Israelen estrategia elikatzen dutelako, izan ere, Hamas txorimalo bat bezala baliatzen du Israelek, Gazako popularizaren aurka apurka-apurka burutzen ari den garbiketa etnikoa justifikatzeko.
Halaber, kezka adierazi du Itzulerako Martxa izeneko mugimenduak pairatu duen bilakaeraz. Hasieran, masa mugimendu autonomo eta bat-bateko gisa sortu zen, ohiko alderdi politikoekiko loturarik gabe; baina alderdiek, eta bereziki Hamasek, bahitu egin dute; eta horrela Israelek mugimendua kriminalizatzeko aitzakia ezin hobea aurkitu du.
Bestalde, asteroko prentsa errepasoan arreta berezia jarri dugu Ekialdeko Jerusalengo egoeran, bertan kolonien hedapenak eta garbiketa etnikoak jo eta ke darraitelako. Prozesu horren parte dira tranbia bezalako azpiegiturak, kolonia ilegalak Jerusalengo hirigunearekin lotzen dituztelako. Gogoratu beharra dago proiektu ilegal hori Gipuzkoako CAF enpresaren ardura izango dela.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Euskal erakunde internazionalista bat da