2019-10-28 18:09

Aste honetako atalean Eran Efratiren testigantza entzun dugu. Efrati Israelgo armadako soldadua izan zen; gaur egun, ordea, ekintzaile antisionista da. Iragan astean Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean agertu zen Israelgo erregimenak Palestinako eremu okupatuetan burutzen dituen giza eskubideen urraketen lekukotasuna emateko. Efrati Jerusalemen jaio eta hazi zen, oso militarizatutako familia sionista baten baitan. Bere familia adarretako bat, gainera, Auswicheko konzentrazio eremutik bizirik ateratakoen ondorengoa da. Armadan sartu zen eta soldaduzkako denbora gehiena Hebronen eman zuen. Eskarmentu horrek iraultza pertsonal bat eragin zion. 2009an armada utzi eta Breaking the Silence (Isiltasuna Apurtuz) erakundean sartu zen. Ikertzaile nagusi lanetan aritu zen erakundean, eta Israelgo armadako soldaduen testigantzak jaso zituen, eremu okupatuetan burututako giza eskubideen urraketei buruz. Gerora, Israel barruko disidentziako zenbait talderekin ere kolaboratu du, besteak beste, Anarchist Against the Wall (Anarkistak Harresiaren Kontra) eta Boycott from Within (Boikota Barrutik) mugimenduekin. AEBetan ere Jewish Voice for Peace (Bakearen Aldeko Ahots Judua) erakundearekin kolaboratzen du. Gaur egun, Researching the American-Israeli Alliance erakundea sortu du, AEB eta Israelen arteko armagintza arloko harremanak ikertzeko.
Bere jardunean arreta deitu du Europa eta Israelen arteko merkataritza militarraren inguruan. Harreman horiek segurtasun arlora ere zabaltzen direla nabarmendu du. Zehazki salatu du Ertzaintzak Israelen egiten dituela trebakuntza ariketak, gizarte kontrolerako eta torturarako tekniketan. Gainera, polizia-harreman horiek erakusten dituen dokumentazioa duela ere ziurtatu du. Halaber, salatu du merkataritza harremanak azpiegituren arlora ere zabaltzen direla, eta zehazki aipatu du CAF enpresari esleitu dioten proiektuak okupazioari laguntzen diola. Haren esanetan, Gipuzkoako faktoriak Jerusalem Ekialdeko tranbiaren eraikuntzan parte hartzen badu, delitu bat burutuko du, proiektua ilegala delako nazioateko legediaren ikuspegitik. Dei egin die trengintza enpresan parte hartzea duten euskal erakundeei, historiaren alderdi zuzenean izatekotan, enbargoa babes dezaten, eta ez ditzaten babes okupazioaren azpiegiturak; izan ere, haren ustez, boikota da tresna baketsu bakarra Israelen gaineko presioa egiteko, genozidio politikak bertan behera utz ditzan.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Euskal erakunde internazionalista bat da