2019-10-15 10:24

Aste honetan Festiclown jaialdiaren seigarren edizioa aurkeztu dizuegu Uhintifadaren mikrofonootan. Zirkogintza jaialdiak Palestina bisitatu du, urtero bezala, irribarre batez okupazioaren egunerokotasuna apurtzeko. Horretaz mintzatzeko, Ivan Prado izan dugu solaskide. Prado Pallasos en Rebelida talde galiziarreko eta Festiclowneko sortzaileetakoa da, halaber, irailaren 14tik 21era Zisjordanian batetik bestera ibili den zirko-brigada honen arduraduna da. Bere jardunean balioetsi du irribarrearen indarra, dibertimentu masiborako arma baita, eta okupazioaren ilogikotasuna desmuntatzeko tresna baita. Kontatu digu palestinarrek harrera abegikorra eta beroa egin dietela bisitatu dituzten herri eta errefuxiatuen kanpamendu guztietan. Bestetik, okupazio testuinguru horretan horrelako ekimen bat antolatzeak dakartzan zailtasunen berri ere eman digu. Izan ere, aurreko edizio bateko antolakuntza lanetan zebilela, bera ere atxilotu eta deportatu zuten Ben Gurion aireportuan. Zailtasun horiek gainditzeko ezinbestekoa da bertako artista eta zirko taldeekin elkarlanean aritzea. Pradok balioetsi nahi izan du jende horren adorea, eta aitortu du harrigarria dela nola, genozidioaren aurrean, palestinarrek irribarrea, umorea eta zirkoa bezalako baliabideak baliatzen dituzten Israelgo makinera beldurgarriari aurre egiteko. Bestalde, azaldu digu zirkugintza-brigada horretan parte hartu duten artistentzat ere esperientzia iraultzailea izan dela, okupaziopean bizi diren palestinarren errealitatea ikusitakoan inor ezin baita geratu ezaxola.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Euskal erakunde internazionalista bat da