2019-10-07 10:53

Aste honetako atalean Jaldia Abubakra ekintzaile palestinarrarekin solastu gara. Abubakra Gazan jaio zen Beer Shebako errefuxiatuen famila batean, baina gaur egun Madrilen bizi da, eta Alkarama emakume palestinarren erakundeko kidea da. Duela gutxi Gazan bolada bat izatetik bueltatu da eta aprobetxatu dugu aukera harekin solasteko. Bere jardunean salatu du Israelek modu sistematikoan baliatzen duela tortura Palestinako presoen kontra, eta praktika hori legezkoa dela Israelgo legediaren arabera. Izan ere, azken asteotan zenbait kasu lazgarri gertatu dira, besteak beste, Sameer Arabeed presoarena. Palestinarra torturatua izan da Israelgo ziegetan koma egoera eragin dioten arte. Bestetik, Gazara egindako bisitaz mintzatu zaigu, eta bertako biztanleek pairatzen duten muturreko egoera humanitario lazgarriaren berri eman digu. Kontatu duenez, nazioarteko adituek ohartarazten zuten Gazan bizitzea ezinezkoa izango dela 2020 urterako; baina izatez, gaur egun jadanik ezin da bizi. Itzulerako Martxa Handia izeneko mugimenduaz ere hitz egin digu, berak horretan parte hartu baitu bere Gazako egonaldian. Bat-bateko mugimendu autonomo, sortzaile eta autoantolatu horrek ehundaka hildako eta milaka zauritu utzi ditu atzean urtebete luzean, eta ondorioz Gazako osasun sistema eskasak gainezka egin du. Amaitzeko, azken hilabeteotan sortutako mugimendu baten berri eman digu: Talaat, Palestinako mugimendu feminista bat. Talaatek aldarrikatzen du ez dela aberri librerik izango emakumeak libre ez badira, eta Palestinako eremu historiko osoko emakumeak batera mugiarazten ari dira, okupazioaren eta patriarkatuaren kontra.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Euskal erakunde internazionalista bat da