2019-09-23 10:20

Iragan abuztuan jakin genuen CAF enpresa gipuzkoarrari esleitu diotela Jerusalemeko tranbiaren bigarren linea eraikitzeko lanen kontratua. Israelgo administrazioa Jerusalem Ekialdeko kolonia ilegalak hirigunearekin lotu eta auzune palestinarrak baztertuko dituen azpiegitura egiteko asmotan dabil, eta Beasaingo faktoriari eta Shapir enpresa israeldarrari egokitu zaie apartheid-trenbidea eraikitzeko ardura. Proiektuak talka egiten du nazioarteko zuzenbidearekin, izan ere, nazioarteko legediak debekatu egiten du azpiegitura egonkorrak eraikitzea eremu okupatuetan, edota eremu okupatuetan eraikitako kolonia ilegalen behin-betikotasuna bermatuko dituztenak.

Afera honetaz solasteko Richard Wendling kazetaria izan dugu solaskide Uhintifadako mikrofonootan. Nafarroako BDZko ekintzaileak ohartarazi du CAFek esleitze-leihaketa irabazi badu, ez dela izan berezko merituengatik, baizik eta parte hartzekoak ziren gainontzekoak erretiratu egin direlako proiektutik. Kanadako Bombardier, Australiako Macquarie, Alemaniako Siemens edo Frantziako Alstom enpresek, besteak beste, errefusatu egin dute nazioarteko legedia urratzen duen proiektu horretan parte hartzea. Eta lehiaketatik erretiratu badira, ez da giza eskubideen aldeko mugimenduaren argudiobideei men egin dietelako; baizik eta, nonbait, kalkulatuko zutelako egitasmoan parte hartzeak euren irudi korporatiboari ekar liezaiokeen kaltea balizko etekinak baino handiagoa dela. Harrigarria da, kazetariaren esanetan, zergatik CAF ez ote den iritsi ondorio bertsuetara, eta Veoiliaren auzia gogoratu du. Frantziako enpresak milioikako kontratuak galdu zituen mindu osoan tranbia beraren lehenengo linearen eraikuntzaren parte hartutakoan. Wendlingen esanetan, datozen asteak erabakiorrak izango dira behin-betiko kontratua sinatu gabe dagoelako eta atzera egiteko garaian daudelako; hori onuragarria izango litzateke, ez bakarrik palestinarren giza eskubideetarako, baita enpresa eta langileentzat ere.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Euskal erakunde internazionalista bat da