2019-06-26 11:36

Aste honetako atalean datozen asteotan Euskal Herria bisitatuko duen ekimen bat aurkeztu dizuegu: Basket Beats Borders. Gazteei zuzendutako kirol proiektu hau 2017an sortu zuten Shatila errefuxiatuen kanpamenduan, Beiruten (Libano), 1982an milizia libaniar falangistek eta armada sionistak historiako sarraski bortitzenetako bat burutu zuten esparruan. Ekimenak neska-mutil palestinar errefuxiatuak, azken urteotako Siriatik etorritako errefuxiatu berriak, zein gazte libaniarrak biltzen ditu saski baloiaren inguruan, eta topaketa esparru bat eskaintzen die haien eguneroko bortizkeria testuinguruari alternatiba bat emateko. Egitasmoaren beri emateko Oihana Alberdi Elorriaga izan dugu solaskide Uhintifadako mikrofonootan. Ekintzaile bizkaitarrak 2015ean ezagutu zuen ekimena Shatilara irratigintza proiektu baten barruan egindako bidaian. Orduan, bertatik bertara ezagutu zuen zein baldintza zailetan ekiten dioten gazte errefuxiatuek kirol jarduerari, testuinguru ekonomiko latz batean, kirol azpiegiturarik gabe; eta nola, hala ere, saski baloia indargune bat bilakatu den gazte horientzat, euren egunerokotasunari aurre egiteko. Geroztik lanean aritu da errealitate hori Euskal Herrira ekarri eta bertan ezagutarazteko. Erronka ez da makala izan, traba burokratiko, administratibo, ekonomiko eta kultural ugariri egin behar izan baitie aurre neska errefuxiatu talde bat mugen zehar mugitu ahal izateko; areago proiektua modu autogestionatuan eta erakundeen inolako laguntzarik gabe gauzatu duelako. Azkenik, neke eta buruhauste askoren ondoren gauzatu ahal izan du bere erronka eta datozen asteotan Basket Beats Borders ekimeneko neskak Euskal Herriko hamaika txokotan izango dira saki baloiaren bidez gazte errefuxiatuen eta emakume palestinarren errealitatea ikustarazten.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Euskal erakunde internazionalista bat da