2019-06-18 12:23

Ekainaren hasieran Ciudadanos alderdiak, PPren laguntzaz, mozioa eraman zuen Kataluniako Parlamentura Israelen aurkako boikot mugimendua kriminalizatzeko, antisemitismoarekin parekatuz. Proposamenak porrot egin zuen, JuntsXCat koalizioa abstenitu eta CUP, En Comu Podem, PSC eta Esquerra-ERC alderdiek kontra bozkatu zutelako. Ez da lehenengo aldia lobby sionistak, Israelen aliatuak diren eskuineko alderdien laguntzaz, horrelako ekimenak helarazten dituena Kataluniako erekunde gorenetara. Proposamenak, gainera, aurrekari arriskutsua dauka Alemanian. Han, duela aste batzuk, parlamentuak ebazpen bat onartu zuen Israelen aurkako boikot mugimendua kriminalizatzeko.

Aste honetako atalean Isidre Pallàs izan dugu solaskide Uhintifadako mikrofonootan. Pallàs Hala Bediko korrespontsala da Katalunian eta BDZ kanpainiako ekintzailea. Bere jardunean salatu du eskuin espainolisteko alderdiek cata-sionismoaren babesa bilatzen zutela mozioa aurrera ateratzeko, izan ere, Kataluniako eskuineko alderdiek behin baino gehiagotan erakutsi dute Israelekiko miresmena. Bestalde, oroitu du aurrekari bat izan zela Ciudadanosek gaitzespen mozioa eraman zuenean legebiltzarrera, Katalunian boikot egin zitzaiolako Israelgo waterpolo selekzioari. Ohartarazi du Israel faxismoa esportatzen duen potentzia bat dela, eta horregatik, bere nazioarteko aliatuak eskuin muturreko indarrak direla. Alemaniako aferari dagokionez, azaldu du hango populazioak bilakaera soziologikoa pairatu duela azken urteotan, eta gazteek dagoeneko ez dutela somatzen inolako erantzunkizun emozionalik nazismoarekiko, eta horregatik libreagoak direla Israel kritikatzeko. Hori duela gutxi arte tabu bat zen. Hori dela eta, lobby sionistak Alemaniako Parlamentura jo behar izan du BDZ mugimendua kriminalizatzeko. Pallàsen ustez, horrek agerian uzten du Israelen aldeko presio taldeen ahuldadea, erakundeetara jo behar dutelako Europan gero eta indar handiagoa duen mugimendu bati aurre egiteko, mugimendu hori arazo erreala bilakatu zaielako.



Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Euskal erakunde internazionalista bat da