2019-06-10 11:01

Iragan otsailean CAF enpresako langile batzordeak eskaera helarazi zion faktoriako zuzendaritzari, Jerusalemeko tranbiako proiektuko lizitaziotik erretira dadin. Euskal trengintza enpresak azpiegitura horren eraikuntzan parte hartzeko lehiaketan sartuta dabil eta langileek errefuxatu egin dute proiektu horren parte izatea, izan ere, azpiegitura horrek nazioarteko zuzenbidea eta palestinarren giza eskubideak urratzen ditu. Hainbestekoa izan zen ekimenaren oihartzuna, PLOko (Palestinako Askapenerako Erakundea) zuzendaritzak ere Gipuzkoako lantegiko beharginei bidalitako gutun batean eskertu egin baitie palestinarren giza eskubideekiko keinu solidarioa.

Hilabete hauetan asko izan dira mundu osoan lizitazio prozeduratik erretiratu diren enpresak, besteak beste, Kanadako Bombardier, Australiako Macquarie, Alemaniako Siemens eta Frantziako Alsthom. Systra (Frantziako Estatuaren SNCF tren-konpainiaren filiala), berriz, iaz erretiratu zen, eta aurreko astean jakin zen Greziako partzuergo batek ere eskaintzarik ez aurkeztea erabaki duela azkenik. Linea Gorria deritzona egun ustiatzen duen Citty-Pass konpainiak ere alde egin du. Orain CAFeko zuzendaritzaren esku dago langileen eskakizunari kasu egin, korda luzea ekar dezakeen erabaki bat hartu, eta historiaren alderdi zuzenean kokatzea.

Aste honetako atalean Ana Sanchez Merarekin solastu gara Uhintifadako mikrofonootan. Sanchez Mera Palestinako BDZrako Batzorde Nazionaleko kidea da eta bere jardunean datorren ekainaren 15eko CAFeko akzionisten batzarrari begira abian jarri duten kanpainiaren berri eman digu. Kanpainaren xedea empresako zuzendaritzari proiektua erretira dadin eskatzea da. Gure solaskideak gogoratu du trenbidea ilegalki okupatutako eremuetan eraikiko dutela, eta horrek talka egiten duela nazioarteko legediarekin. Gainera, azaldu du apartheid azpiegitura hori israelgo administrazioaren gabiketa etniko politikaren ezinbesteko elementua dela; izan ere; horren bidez, Zisjordaniako kolonoen auzune ilegalak Jerusalemeko hirigunearekin lotu eta palestinarren auzuneak hirigunetik fisikoki banatuko ditu. Horrela, Jerusalemeko bertako populazio palestinarra garbitu eta demografia eraldatu nahi dute. Bestetik, dei egin dio CAF enpresaren kode etikoari eta nazioarteko legediari, proiekturi erretira dadin aldarrikatzeko. Haren esanetan, CAF bezalako enpresa erraldoiek ez dute euren lehentasunen artean Giza Eskubideen babesa; baina bai, ordea, euren irudi korporatiboa; eta zure irudia apartheid erregimen batenari lotuta ikusteak ondorio ekonomikoak ekar litezke. Aitzitik, CAFeko zuzendaritzak justiziaren alde jartzea eta proiektutik erretiratzea erabakiko balu, enpresa serio eta bere kode etikoarekiko koherente moduan geratuko litzateke. Hori ona litzateke, ez bakarrik Palestinako herriarentzat, baita CAFentzat, akzionistentzat eta langileentzat ere.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Euskal erakunde internazionalista bat da