2019-06-03 12:46

Aste honetako atalean Eugenio Garcia Gascon kazetaria izan dugu solaskide Uhintifada irratsaioaren mikrofonootan gai kezkagarri batez hizketan: Israelgo espioitza sareak. Garcia Gascon itzal handiko kazetari eta idazlea da, eta 1991etik Ekialde Hurbilean bizi da. Jerusalem Mendebaldeko bere bizitokitik zenbait hedabiderekin kolaboratzen du, besteak beste, Publico egunkariarekin. Duela aste batzuk argitaratutako artikulu batean Israelgo epaitegietan Amnesty International erakundeak NSO Group Technologies enpresaren aurka jarritako salaketaren berri eman zuen. Salatutako enpresa espioitza lanetara dedikatzen da eta lotura zuzena du okupazio armada israeldarrarekin. NSOk informatika programa bat garatu du, Pegasus izenekoa, erabiltzaileen baimenik gabe telefono mugikorretan sartzeko eta aparatuak espioitzarako tresna bilakatzeko. Bere jardunean Garcia Gasconek azaldu du Israelgo enpresek sortutako programa hori eta beste batzuk gabezi demokratiko handiak dituzten erregimenen esku daudela, eta tokian tokiko hauteskunde prozesuetan eragiteko edota Giza Eskubideen aldeko ekintzaileak zelatatzeko baliatzen dituztela; horrela Israelen aliatuak diren eskuin muturreko indarrei laguntzen diete.

Espioitza sare horien jomugan omen daude, besteak beste, nazioarteko BDZ mugimenduko ekintzaileak; bereziki boikot kanpainak arrakasta handiena duen lekuetan. Bestalde, azpimarratu du Israel aintzindaria dela espioitza eta gizarte kontrolerako aplikatutako programa eta teknologietan, eta produktu horiek mundu osoan esportatzen dituztela, benetako gerra testuinguruan probatuak izan direlako berme-zigiluarekin.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Euskal erakunde internazionalista bat da