2019-05-20 10:41

Aste honetako atalean datozen maiatzaren 21 eta 22an Sodepaz erakundeak antolatu duen mintegia aurkeztu dizuegu: "Conmemoraciones y cuestiones silenciadas: Palestina y la lucha de sus mujeres". Bizkaiko Batzar Nagusietako eraikinean egingo diren jardunaldi hauetan emakumeek Palestinako borrokan jokatzen duten papera aldarrikatu eta balioetsi nahi du Sodepaz elkarteak; horretarako egitarau oparoan Palestinako erakunde politiko, sozial, feminista eta Giza Ekubideetako emakume ekintzaileak izango dira hizlari. Ekitaldia aurkezteko Sodepaz elkarteko Laura Marcelli izan dugu solaskide Uhintifadako mikrofonootan. Bere jardunean Marcellik azaldu du etengabeko Nakbako 71 urteotan emakumeek jarrera aktiboa izan dutela Palestinako erresistentzia borrokan, askotan kontakizun historikoak kontuan hartu ez baditu ere. Azpimarratu du inportantea dela ezagutaraztea eta balioestea emakumearen papera Palestinako gizartean, gure estereotipoak desmuntatzeko, gure ikuspegi eurozentristatik beloz estalia eta sumisoa irudikatzen baitugu emakume palestinarra. Bestalde, parte hartzaileetako batzuen kurrikulumaren berri eman digu; besteak beste; Khalida Jarrar-ena, ekintzaile feminista, PFLP (Palestinako Askapenerako Herri Frontea) alderdiaren ordezkaria Palestinako Legebiltzarrean, eta kartzelatik atera berria; Lamya Jebreen-ena, preso politikoen sostengurako Addameer elkarteko eleduna; Samia Al-Bothme-rena, Birzeit Unibertsitateko irakaslea (Ramallah); Jaldia Abubakra-rena, Alkarama emakume elkarteko sortzailea; edota Raji Sourani-rena, Gazako Giza Eskubideen Zentruko zuzendaria eta 2013an Giza Eskubideen Nobel Sari alternatiboa jasotakoa.

Aukera ezinobea da Israelgo Purplewashing estrategia desmuntatzeko, izan ere, estrategia horren bidez, Israel emakumeen eskubideen defendatzaile moduan agertzen da mundu aurrean, eta aldi berean palestinarrak herri basati moduan irudikatzen ditu.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Euskal erakunde internazionalista bat da