2019-04-08 10:14

Aste honetako atalean azken asteotako Palestinako kronika jaso dugu Juani Rishmawiren eskutik. Rishmawi HWC (Health Work Committees) osasun arloko erakundeko langilea da eta Palestinan bizi da duela 34 urtetik. Bere jardunean azaldu digu azken asteotan palestinarren aurkako bortizkeria areagotu egin dela, eta Israelgo hauteskundeen testuinguruan kokatu du egoera gaiztotu hori. Sajed Mezher gaztearen erailketaren berri eman digu. 17 urteko osasun arloko langilea Dheisheh errefuxiatuen kanpamenduan, Bethelehemeko eskualdean, tirokatu zuten armada okupatzaileko soldaduek; hango gazteen eta militarren arteko gatazkan zauritutakoak artatzen ari zela. Halaber, armadak eta kolonoek burututako beste eraso batzuk ere kontatu dizkigu, eta Israelgo hauteskundeetako testuinguruan gertatu ohi den bortizkeriaren gorakadaren baitan kokatu ditu, halakoeta palestinarrak hiltzea botoak ematen baititu. Ohartarazten du azken aldian eskuin muturreko hainbat talde legeztatu dituztela, eta gainera israelgo administrazioak askatasuna ematen diela palestinarren kontra ekiteko. Gaineratu du haiek, osasun erakundea diren aldetik, etengabe ari direla osasun lagileen aurkako erasoak nazioarteko osasun erakundeen aurrean salatzen, baina alferrik. Salatu du, halaber, Gazako osasun sistemak gainezka egin duela, areago duela urtebete Itzuleraren Martxa abian jarri zenetik, eta ezin dietela zerrendako kontraparteei laguntza humanitarioa helarazi. Aste Santuko oporraldi garaiari begira, azaldu du areagotu egiten dela eskualdera joaten diren bidaiarien kopurua, eta ondorioz okupazioaren bortizkeria lasaitu ohi dela; baina, era berean, esan du turismo hori Israelek monopolizatuta daukala, eta okupatzaileek kontrolatzen dituztela etekin ekonomikoa eta Palestinako errealitatearen inguruko kontakizuna.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Euskal erakunde internazionalista bat da