2018-10-31 11:40

Aste honetako atalean testigantza mamitsu bat jaso dugu Uhintifadako mikrofonootan, Maren Mantovanirena. Mantovani Stop the Wall erakundeko arduraduna da nazioarteko harremanetarako. Taldea 2002an sortu zen Apartheid harresiaren eraikuntzarekin batera, eta egun harresiaren aurkako herri batzordeetako koordinakuntza lanean dihardu, eta BDZ kanpainiako bultzatzaileetako bat da; nazioarteko erreferentea, beraz, apartheidaren aurkako borrokan.

Bere jardunean, Mantovanik, porlanezko harresiaz gain, bertako populazio palestinarra baztertzen duten egitura fisiko eta administratiboak ditu mintzagai. Haren esanetan, baliabide horiek guztiak Israelgo geoestrategiaren tresnak dira, helburu argi batez, populazio palestinarra desagertarazi eta ghetto isolatuetan konzentratzea industria israeldarrerako esku lan merkea bilakatu dadin. Estrategia horren barruan dago Jerusalem Ekialdeko koloniak zabaldu eta Jordan ibarrarekiko korridore bat sortzea. Horretarako berrogei herrixka beduindarretik gora desjabetzeko lanetan daude, besteak beste, Khan Al Ahmar. Ekintzailearen ustez, Khan Al Ahmarreko kaleatzea gelditzeko borroka, ezinbestekoa izango da Israelgo garbiketa etniko egitasmoa eteteko.

Halaber, azpimarratu du munduko estatu eta gobernuen utzikeriaren aurrean berebiziko garrantzia duela Israelen aurkako BDZ kanpainiak, eta mugimenduak urrats geldiezinak ematen ari dela aurrera.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Euskal erakunde internazionalista bat da