2019-07-10 17:57

G7 EZ! Euskal Herritik mundu berri bat sortzen Euskal Herriko plataformak agerraldia egin du gaur, Alternatives G7 Frantzia mailako plataformarekin batera heldu den abuztuan antolatuko dituen ekimenak aurkezteko.

• Plataforma pasa den azaroan osatu zen Euskal Herri osoko eragileak bilduz, izan herri mugimendu, sindikatu edo alderdiak, G7 eta bere munduaren kontrako deialdia komun baten baitan (ikus http://g7ez.eus/deialdia/ ). Gaur egun, 49 eragilek osatzen dugu plataforma, baina gure erronka da bertako nahiz nazioarteko ahalik eta eragile gehienen atxikimendua jasotzea. Horretarako, atxikimendu dinamika bikoitza martxan jarri dugu eta datozen egunetan emaitza publiko egingo dugu.

• G7ak ordezkatzen duen kapitalismoaren kontra eta eredu berri batean oinarrituriko mundu bat eraikitzeko arrazoiak ugariak eta anitzak dira. Horrela laburbildu ditzakegu:

− Mendebaldeko potentzia handien nagusitasunaren sinboloa da G7aren gailurra, kapitalismoa betikotu eta neoliberalismoan sakontzeko konpromisoak hartzea baita helburu nagusiena.

− G7a sinbolotzat duen munduaren egoera larria da oso: klima aldaketa, desberdintasunen areagotzea, gerra inperialistak, indarkeria matxistaren areagotzea, behartutako migrazioak, transnazionalen nagusitasuna, langileon lan zein bizi baldintzen prekarizazioa...

− G7 gailur horrek badu berezitasun handi bat: Euskal Herrian izango da, kapitalismoaren, hetero-patriarkatuaren eta inperialismoaren zapalkuntzei erresistentzia, elkartasuna eta bestelako mundu bat eraikitzeko borondatea sustraituak eta bizirik diren lurraldean.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Euskal erakunde internazionalista bat da