2020-09-24 12:38

Gaur Euskal Herria Kapitalari plantok Bizkaia Dorrearen inguruan gertatzen ari den guztia salatzeko prentsaurreko bat egi du. Hemen irakurketa eta arreta deitzen duten datu batzuk usten dizuegu.

Bizkaia Dorrea: bizkaitarren gizarte-beharrizan larrien gainetik, enpresen nazioartekotzea lehenetsi?

Bizkaiko Foru Aldundiak tematuta jarraitzen du enpresen nazioartekotzearen aldeko apustuarekin, nahiz eta agerian geratu den orain arte nolako porrot handia izan den eta egungo pandemia-egoeran merkatu globalak zein hauskorrak diren. Bizkaia Dorrea da apustu horren adibiderik adierazgarriena. Izan ere, Primark bat eta Bizkaiko Foru Aldundiaren bulegoak ez ezik, Ekintzailetzaren Nazioarteko Zentroa hartuko du eraikinak. Zentroak, gutxienez, 26,5 milioi euroko kostua izango du bizkaitarrentzat, krisialditik ateratzen lagunduko digun itsasargi ekonomikoa izango delakoan.

Alferreko beste proiektu erraldoi bat, guztion diruarekin ordaindua. Bien bitartean, egunero ikusten ari gara euskal ekonomia ez dela gai bizitza duinari eusteko beharrezkoak diren ondasun eta zerbitzuak ekoizteko; gure energia eta elikadura mendekotasunak areagotu egiten ari direla; tokian tokiko merkataritza gure auzoetatik desagertzen ari dela, marka/frankizia handiek ordezkatuta, dakarten prekarietate-ereduak lurralde osoa kolonizatzen duela; hezkuntza publikoari oinarrizko eskubide bat bermatu ahal izateko beharrezkoak diren baliabideak ukatu egiten zaizkiola; lehen arreta eta bere aldarrikapenak erdeinatu egiten direla; ia erresidentzia guztiak pribatizaturik egonik, ez dela zaintza duinik bermatzen; ekonomia solidarioak eta elikadura burujabetzak zokoraturik jarraitzen dutela, gaur egun estrategikoak diren arren; eta Primark-en eta antzeko enpresetan lan baldintzen prekarizazioa sakontzen ari dela.

Zeintzuk dira herri gisa, bizkaitar gisa, ditugun lehentasunak? Enpresa handi horiek elikatzea, ala estutzen gaituzten arazo larriei aurre egitea?

Hori gutxi balitz bezala, eta ohikoa den bezala, Bizkaia Dorrearen Ekintzailetzaren Nazioarteko Zentroaren kontratazio prozesuan betiko prozedura ilunak ikusi ditugu: enpresa handiak lehenestea, gardentasun eza eta klientelismoa. Horrela, bada:

1. Eraikinaren jabetza Ángelo Gordon inbertsio funtsarena da. Instituzio publikoek ekintzailetzaren eta berrikuntzaren arloan egingo duten apusturik handiena funts putre baten jabetzako eraikin batean oinarrituko da. Bizkaiko Foru Aldundiaren proiektua nolakoa den bete-betean islatzen du horrek.
2. Aurtengo urtarrilean, lehiaketa hutsik geratu zen. Nola gerta daiteke hori, proiektua horren estrategikoa eta garrantzitsua izango bada?
3. Martxoaren amaieran, itxialdi betean geundela, errenta irregularrei PFEZren zerga tasak aldatzen zizkien Foru Arau bat onartu zuten PSEk eta EAJk, alegia, errendimenduen erdiei dagozkien zergak baino ez dituzte ordainduko funts putre direlakoek, eta Ekintzailetzaren Nazioarteko Zentroarekin zuzenean lotuta dago proposamen hori.
4. Ekainean irekitako lizitazio berriak kontratazioaren zenbatekoa 26,5 milioi euroraino igo zuen, hau da, hasierako lizitazioaren balioa baino % 40 gehiago; aldi berean, krisi sozial bat areagotzen ari da. Nola da posible zalantzazko etekin ekonomikoak izango dituen proiektu bati 10,5 milioi euro gehiago ematea, tokiko ehunka saltoki ixten ari direnean eta egoera sozial eta ekonomiko dramatikoa bizi dugun honetan?
5. Lizitazioa negoziatu izaerakoa da, eta prozesua bi enpresarekin baino ez da gauzatzen ari: batetik, PwC, Asier Atutxa gidari, EAJrekin lotura estuak dituena; eta, bestetik, Impact Hub, Austriako kudeatzaile bat, Erresuma Batuko eta Israeleko bi kapital funtsen babesa duena, azken albisteen arabera. Nola da posible EAJrekin lotura estuak dituen pertsona bat gidari duen hautagaitza batek ia puntuazio osoa eskuratzea? Kasualitatea al da kontratazio mahaiaren koordinatzaile eta BEAZeko Antolakuntza zuzendari Eneritz Argatxak 2007 eta 2014 artean PwC-n lan egin izana?

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Euskal erakunde internazionalista bat da