2018-03-17 15:56

Erribera kalekoa da Zumaia osoan, eta seguru aski Gipuzkoa osoan, egunero-egunero ezabatzen den horma bakarra. Politikari batek aginduta txukuntasunaren aitzakipean. Bada, eskola publikoaren sarreretako baten dagoen pareta honetan "Te mato!" pintaketa hilabete luzez izan da. Beste itxura alaiago bat eman diogu horma horri.

Hau bezalako hamaika adibide daude Zumaian. Udal gobernuak behin eta berriz dio, herria "txukun eta garbi nahi duela", baina praktikan haien kezka eta lan bakarra izan da alkatearen gustukoak ez diren herritarren kartelak, pankartak, pegatinak eta muralak sistematikoki zentsuratzea. Adierazpen askatasunaren mugen inguruko eztabaida pil-pilean dago (musikan, umorean, liburuetan, artean, kalean...), bada Zumaian ez dago dudarik: adierazpen askatasunaren baldintza bakarra da pertsona bati gustatzea ala ez. Alkateari, hain zuzen ere.

Inoiz ez da berandu eseri eta denon artean gaia lasai eta patxadaz hitz egiteko. Jaio ginenean duela bi urte esan genuena berresten dugu gaur ere bai: kalea guztiona da, beraz guztion artean adostu dezagun.

Zumaiako alkateak kartela, pankarta, eta muralei ezarritako debekuak indargabetzeko sortu gara, herriko 33 sindikatu eta talderen babesarekin. Irudimena, kritika eta sorkuntza dira gure armak.