2017-12-15 13:11

Murala margotzen ari garela ez dira gutxi, irribarre txiki batez, paretari trabeska begira geratzen direnak, gure pinturek eta udalaren zentsura marroiak sortu dituzten geruzak zenbatu nahian. Espero dezagun egoera surrealista honek luze ez jotzea, baina hala balitz Paul de Graaf herbeheretarrak erakutsi du balizko emaitza. 30 urtez hainbatetan margotutako pareta barrutik erakutsi du.

 
30 urtez margotutako paretan, zuhaitzen barneko borobilen antzera irakur daitezke pintura geruza trinkoak. Hala erakutsi du Paul De Graaf-ek sarera igo dituen argazkietan. Horretarako, Herbehereetako Nijmegen herrian 80ko hamarkadan arte eta musika zentro izandako eraikinaren horma bat erabili ditu. Doornroosje du izena lekuak eta Herbereetako grafittien museo txikia da.

Geruzen araberako denbora-lerro bat ere sortzeko aukera izan du:



Zumaiako horma famatura itzuliz, espero dezagun udal agintarien itsukeriak 30 urtez ez irautea, baina horrela jarraituz gero, Flyschak baino geruza gehiago izango ditu: 106 gutxienez, (53 mural + 53 marroi koloreko zentsura).

Erriberako paretan egin ditugun 53 muraletako bat.

 

Zumaiako alkateak kartela, pankarta, eta muralei ezarritako debekuak indargabetzeko sortu gara, herriko 33 sindikatu eta talderen babesarekin. Irudimena, kritika eta sorkuntza dira gure armak.