2017-12-23 21:05

J.M Olaizola ‘Txiliku’ zarauztarrak Kalea Guztiona Da-ren egutegia erosteko gomendioa luzatu die Urolako Kostako Hitzako irakurle guztiei artikulu eder honetan.

J.M Olaizola ‘Txiliku’

Urtearen sasoi honetara iristen garenean, urtea amaitzear dagoenean, alegia, beste behin ere ezinbestekoak egiten zaizkigu egutegiak. Behar ditugu, geure bizitza menderatzeko eta antolatzeko gai garela amesteko, urte berrirako asmo berriak izendatzeko (gehienetan aurreko urtetan bete gabeko asmo zahar berak izaten dira asmo berriak) eta denbora gure kontrolpean dagoela sinetsarazteko geure buruari. Gero, denborak nahi duena egingo du, beti bezala, baina Mesopotamiatik etorri zaigu unea zatikatu eta antolatzeko gogo hori, eta urtero jarraitzen dugu geure asmo eta geure egutegi bertsuekin.

Hiztegi Batuaren arabera, egutegia urteko egun guztien berri eta argibideak dakartzan taula, orria edo orri multzoa da. Betidanik izan dira hainbat eratako egutegiak, karteran eramateko txiki horietatik hasi eta xehetasun ugari dituzten liburuxken antzekoetaraino, arropa gutxiko emakume titihandiren bat erakusten zuen tailer mekanikoetakoa bitarteko.

Garai batean elbarri herren bat etorri ohi zen Zarauzko berdura-plazara Zaragozano egutegia saltzera. Berezkoa salneurria adierazten zuen paper zatia iltze batekin urratu eta zertxobait garestiago saltzeko. Horixe haren negozioa. Egutegi hura preziatua zen nekazari eta arrantzale jendearentzat, urteko epakta eta eguraldiaren pronostikoa ekartzen baitzituen, egunez eguneko santuen izenak, ilargiaren ilgorak eta ilbeherak noiz ziren eta beste hainbat xehetasun haziak erein eta landareak aldatzeko ustez jakin beharrekoak zirenak.

Oker ez banago, Joanes Leizarragak egina da lehenengo egutegia euskaraz. Rochellan inprimatua 1571. urtean Kalendrera deitu zion, eta zenbait jakinbide dakartza, zuzenak batzuek:

Urtheko hillebetheak dira hamabi.

Asteak, berrogei eta hamabi eta egunbat.

Egunak, hirur ehun, hirurogei eta borz, eta sei oren.

Besteak okerrak:

Munduaren kreationetik dilubiorano, 1656 urthe

Dilubiotik Moisesganano, 797

Moisesganik Iesus Kristganano, 1514

Iesus Kristganik hunedrano, 1572

Munduaren hatsetik hunedrano, 5539

Geroztik zenbat egutegi! Zerbait iragartzeko, honako asmoa duen elkarteari laguntzeko, halakoren alde dirua biltzeko. Ez da erraza aukeratzen, baina gaur gomendio bat egitera ausartzen naiz: Eros ezazue Kolore guztiak debekuen kontra izeneko egutegia, Zumaiako Kalea guztiona da elkarteak argitaratua.

Istorioa hasi zen Zumaiako alkateak kalean egindako adierazpen grafikoak debekatu zituenean; orduan jaio zen Kalea guztiona da elkartea, eta ordutik hona hainbat horma-irudi marraztu dituzte (52 aipatzen dira egutegia argitaratu zenerako, gero gerokoak).

Horma-irudiak margotu eta handik ordu gutxira ezabatu egiten dituzte, jakina; ez dago botere apur bat eskuan duenaren egoskorkeria baino egoskorkeria handiagorik, nahikoa da aparkaleku bateko ardura duen edo dantzaleku batean atezain dagoenaren portaera ikustea horretarako. Baina egoskorkeria erruz zabaldua dago gure herri honetan (irmotasun, pertseberantzia edo nekaezina izatea deitzen diogu maiz) eta ordu gutxi horietako arte efimeroa loratzen joan da Zumaiako horma horretan.

Taldeak eginiko irudiak, elkartearen jolaserako joera eta umorea asko estimatu dut. Haiek dioten bezala: “…gure esker ona adierazi nahi diegu Zumaiako arduradun politiko guztiei. Zuen itsukeria gabe kalean margotzen pasa ditugun arratsalde ederrak ez genituen biziko eta”.

Eta guk ere ez egutegiko irudi ederrak ezagutuko. Egutegi (eta ekintza) gomendagarria, benetan, zumaiarrena.

Zumaiako alkateak kartela, pankarta, eta muralei ezarritako debekuak indargabetzeko sortu gara, herriko 33 sindikatu eta talderen babesarekin. Irudimena, kritika eta sorkuntza dira gure armak.