2018-02-20 15:03

Aste honetan zabaldu du albistea Euskalerria irratiak: "'Errespetuz jolasten gara' kartelak debekua gaindituko du Burlatan". Hau da, espazio publikoa, kalea, erabiltzean zenbait karrika eta plazetan haurrek zituzten debekuak bertan behera utziko dituzte. Debekuak baino askatasuna eta errespetua azpimarratuz.

Burlatako Udalaren kanpaina

Ez da kasualitatea Burlatan izatea. Aurreko agintaldian onartu zuten Jokabide Zibikoak Sustatzeko Udal Ordenantza. Orduan oposizioan zeuden taldeek mozal ordenantza gisa izendatu zuten UPNk, PSNk eta PPk onartutakoa. Azken hauteskundeen osteko gobernu berriak kartel, pankarta eta muralak zigortzen zituen araua bertan behera uztea erabaki zuen.

Orain filosofia hori beste esparru batera eraman dute: kalea eta haurrak.

Oso ohikoak dira zenbait kale eta plazetan "debekatuta jolastea" moduko aginduak. Umeen garapenerako oinarri nagusia den jolasari ateak ixten dizkiotenak espazio publikoan. Espazio publikoa benetan guztiona bada, orduan umeena ere bai, eta jakina, haien beharrak kontuan hartu behar dira.

Ideia horretatik abiatuta Kalea denona da leloarekin ari dira aldaketak egiten. Zenbait karrika eta plazetan haurrek zituzten debekuak ordezkatzeari ekingo diote. Debekuaren ordez, hezkuntza eta errespetua azpimarratuko dituzte. Gainera, kalea aske erabiltzeko deia zabaldu du Udalak: "kalean jolasteko aukera zabaldu nahi zaie neska-mutikoei eta aukera izan dezatela garai batean hain ohikoa zen ohitura berreskuratzeko".

Txalotzekoa da Udal Gobernu batek espazio publikoaren erabilera arautzeko debekuen bidetik jo beharrean, "heziketa, sormena eta errespetua" baloreak bultzatzea. Hori da bidea, kalearen erabiltzaileak ume, nerabe, gazte, heldu ala zahar izanik ere.

"Kalea, debekuak eta zentsura" esaldi berean jartzeko ohitura hartu duen Zumaiako Udal gobernuak badu Burlatatik zer ikasi.

Zumaiako alkateak kartela, pankarta, eta muralei ezarritako debekuak indargabetzeko sortu gara, herriko 33 sindikatu eta talderen babesarekin. Irudimena, kritika eta sorkuntza dira gure armak.