2019-11-08 13:41

Duela bi aste abiatu genituen TIRA ezagutza militantearen korapiloetatik topaketak Eibarren. Herri mugimenduen sinbologia eta lemak erdigunean jarrita, harrera ekitalditxo batekin hasi genituen topaketak. Ostiralean, formazio esperientzien elkar ezagutza genuen helburu. Horretarako, bertan gaundenon esperientziak mapan kokatu eta elkar entzuteko aukera izan genuen, helburu, sare eta proposamen ezberdinak bilduz. Aurpegi ezagun asko izan arren, sorpresa ugari. Kuriosidadea piztuta eta belarriak erne joan ginen etxera.

Zapatua, korapiloak askatzeko tresna eta gakoen eguna izan zen. Jolas labur bat egin ostean, 5 gonbidatuen elkarrizketa-panelari ekin genion.

Las Melidaseko Angelica emakumeak ahalduntzeko formakuntza politikoaren garrantziaz eta zailtasunez aritu zen. Bizipenak erdigunean jarritako metodologia lantzen dute, Urjauzi eran. Herrialdeak bizi duen biolentzia egoera ere nabarmendu zuen, horretarako herri mugimenduen artikulazioa eta motibazioa aipatu zituen.

Bilboko IPES elkarteko Gorkak azaldu zuen, IPESen ibilbide luzean erakunde zein herri mugimenduekin batera zapalkuntza hirukoitza zein bazterretako borrokak lantzen dituztela.

CEAALeko Joaoren berbaldian herri hezkuntza egon zen erdigunean. Azpimarra berezia jarri zuen kale-lanaren bidez egin beharreko diagnostiko lanean, entzuketa eta komunikazioa zainduz batez ere.

Maria Cano, Agroekologiako Latinoamerikar Institutuatik Luis Fabianek, De campesino a campesino metodologia azaldu zuen. Beraien formakuntzen antolaketari dagokionean IALA ezberdinak osatzen dituzte eta bertatik komunitateetako hezitzaileak izango diren haziak sortzen dira. Sentipentsalariak izatearen garrantzia ere aipatu zuen.

Eta azkenik, Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxatik Lucianak hitz egin zuen. Gune honetako espazioak kolektibo sozial batzuentzat duen garrantziaz jardun zuen, emakume migranteak, baserritarrak, dibertsitate funtzionaldunak… gai batzuk mahai gainean ipintzeko balio izan duela aipatu zuen. Xuxurlarien dinamika eta herri-hiri asanbladak egitea aipatu zituen korapiloak askatzeko forma gisa.

Topaketak borobiltzeko, zapalduen antzerkian oinarritutako ariketa egin genuen, formakuntza politiko esperientzietan bizi ohi ditugun egoerak antzeztuz eta aterabideak denen artean gorpuztuz. Gai potolo honi, gorputz mugimendu eta umore apur batekin heltzea oso interesgarria izan zen. Bi egunetako sokatira honek giharrak indartu dizkigulakoan gaude, aurrera! Fabian kidearen oihuak gogora ekarriz: “Borrokarekin jarraitzeko… antolatu, formatu, mobilizatu!”

KRONIKA ZABALAGOA IRAKURRI HEMEN

LEER LA CRONICA EN CASTELLANO AQUÍ

KRONIKA ILUSTRATUA / CRONICA ILUSTRADA

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Joxemi Zumalabe Fundazioa herri mugimenduak indartu eta laguntzeko asmoz lanean dabilen elkartea da.