2018-09-06 12:23

Konspiratu, egin, pentsatu, gozatu, mobilizatu. Iraultza Txikien Akanpada. Aditz horiek gorpuzteko hiru eguneko kanpaldia antolatu dute Gipuzkoako Zubieta herrian, irailaren 21etik 23ra. Ideia eta praktikak, buruak eta gorputzak josteko lekua izango da, giro lasai eta alaiean. Gu ere bertan izango gara, animatuko?

Ekimenaren inguruko informazioa

Bestelako Euskal Herria amesten dugun pertsona eta herri mugimenduei zuzendutako deialdia da.

Antolatzaileek lau bloke nagusitan banatu dute asteburua:

1- Herri mugimendu eta eragile eraldatzaileoi eragiten diguten gaiei buruzko eztabaida eta gogoeta. Programa mardula antolatzen ari gara. Arerioaren puntu ahulak bilatzeaz gain, geure buruen kontraesanak bilatuko ditugu. Nolako militantzia ereduak praktikatzen ditugu? Zer konpromiso klase hartzen ditugu? Zer irakatsi digu Kataluniako prozesuak? Eralda al dezakegu Euskal Herria behetik eta ezkerretik gure mugimendu zuri eta sozioekonomikoki integratuetatik? Nola findu borroka moldeak, aliantzak, gatazkak eta biolentziak? Zer nolako elkarrizketa askatzailea eraiki daitezke erakunde eta herri mugimenduen artean?

2- Herri boterea eraikitzen jarraitzeko estrategiak partekatu eta adostuko ditugu. Egungo egoera politikoarekin ados ez gaudenon sareak josi, aliantzak eraiki, borroka puntualak antolatu. Identifika dezakegu nola eman kolpe bateratua Euskal Herri mailan, datorren udaberrian adibidez? Esango al dugu argi eta ozen gaur egungo egoerarekin ez gaudela ados?

3- Bizitza burujabetza landuko dugu: Euskal Herrian eremu bakoitzean dagoeneko martxan dauden esperientzia komunitarioak ezagutuko ditugu alor hauetan: elikadura burujabetza, etxebizitza, zaintza, energia, enplegua, finantzak… Denon artean bizitza burujabeagoa josteko moduak pentsatuko ditugu.

4- Igandean ekimen kolektibo potente bat ere izango da. Hori aurrerago jakinaraziko da.

Guzti hau ikuspegi integral batetik planteatuta, koherentziak eraikitzea bilatuz. Zer kontsumitzen dugu? Nola antolatzen gara? Nola harremantzen gara? Hauts ditzagun dikotomia faltsuak: espazio formal-informal, publiko-pribatu, gorputza-pentsamentua. Apur ditzagun kateak.

Ongi Bizitzeko errepublikarantz pauso bat emateko espazioa izango da. Bizi poza nagusi izango duten herritarrek osatutako Euskal Herria. Konspiratzen jarraitzeko h eta gogoz ateratzea bilatuko dugu”.

Egitarau zehatza:

Euskaraz deskargatzeko

En castellano

En français

Gure aletxoa:

Kolektibo moduan bi tailer-saiotan parte-hartuko dogu, gure gogoeta eta materialak partekatu eta elkarrekin eztabaidan aritzeko… Hemen bi tailer-saioak:

  • Eraso matxistak gure espazioetan: trapu zikinak aztergai. Herri mugimenduetan eraso matxisten aurrean garatutako prozesu eta estrategiak partekatzeko gunea, gure kasuan, gure protokoloa sortzeko prozesuaren berri emango dugu (erreportai honetan duzue gaiarekin lotura duen informazio interesgarria)

  • Herri mugimenduen borroka moldeak aztergai: gatazkak, biolentziak eta aliantzak: Duela urte batzuk, borroka molde edo kultura politikoaren inguruan gogoetatzeko proiektu-taldea sortu genuen fundazioan. Tailer honen helburua, abiapuntu/galdera/kezka batzuk plazaratu eta gogoetarako espazio kolektibo bat sortzea.

Bertan ikusiko garelakoan,

Joxemi Zumalabe Fundazioko kideak

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Joxemi Zumalabe Fundazioa herri mugimenduak indartu eta laguntzeko asmoz lanean dabilen elkartea da.