2024-09-05 14:02

2024ko uztailean zehar herritarrek Behatokira bidalitako hizkuntza eskubideen urraketen lagin bat, lorpenak eta zoriontzeak jaso ditugu ondorengo zerrendan. Zuk ere intzidentzia bat bidali nahi badiguzu, erabili Euskararen Telefonoa

 

URRAKETAK:

» Iberiak mezuak erdara hutsean bidaltzen ditu eta ez du webgune zein zuzeneko informazioa euskaraz jasotzeko aukerarik ematen.

» Nafarroako Gobernuak koloneko minbizia detektatzeko informazioa gaztelania hutsean bidali du beste behin.

» AENAren webgunearen euskarazko bertsioa akatsez josita dago eta APPa ezin daiteke euskaraz erabili.

» Berriozarko Decathlonen kartel guztiak eta gainerako zerbitzuak gaztelaniaz soilik agertzen dira.

» Barakaldoko Decathlon dendako kartel guztiak berriztu dituzte eta dena gaztelaniaz ezarri dute.

» Donostian Belartzako Decathlon dendan errotulazio guztia gaztelaniaz dago.

» Gasteiz-On merkataritza elkarteak antolatutako Txiki-Txokoan gaztelania hutsean zabaldu diete informazioa gurasoei.

» Aemet-en El tiempo APPa gaztelaniaz soilik erabili daiteke.

» DBizi, Donostiako Udalaren bizikleta zerbitzuaren arreta telefonora deitu eta gaztelaniaz hitz egin behar izan du herritarrak, teknikariak ez zekielako euskaraz.

» Gasteizko kanpuseko medikuntza gradua 4.mailatik aurrera euskaraz egiteko beste herrialde batera joan behar da, batik bat, Txagorritxuko ospitalean ia ez dagoelako C1a duen profesionalik.

» Espainiako Estatuko Berdintasun Ministerioak ez du erregistro zibiletan izan behar diren zuzenketen inguruko dokumentuaren euskarazko bertsiorik.

» Eusko Jaurlaritzako informatika zerbitzuetako telefonoan euskara hautatu arren, gaztelaniaz artatu dute herritarra.

» Izarbeibarko Mankomunitateak antolatutako jarduera eskaintzan ez dago ezer euskaraz.

» Kontxako hondartzan lapurreta bat izan dela eta, hondartza aldamenean egoten den udaltzainen furgonetan udaltzain bakarra zegoen; ez zen gai euskaraz hitz egiteko.

» Añanako igerilekuetako kafetegian ez dute euskarazko arretarik bermatzen; menua eta bestelakoen informazioa gaztelaniaz baino ez dute.

» Esteribarko Udalak Gazteria eta Kultura teknikari plazari euskararen ezagutza C1 mailatik B2 mailara jaitsi dio; horrek zerbitzuetan eragin dezake.

» Oiartzungo osasun zentroan erizainarekin hitzordua gaztelaniaz pasatu behar izan du herritarrak.

» Azpeitiko Zezenzaleen Batzordeak webgunea gaztelania hutsean du eta aurkezpenak ere gaztelaniaz egiten ditu.

» Aturriko Txitxak autobusen oharrak frantses hutsean ezarri dira.

» Zabalganako osasun etxean telefonoz  lehen hitza gaztelaniaz egin da eta euskaraz artatzeko zailtasunak izan dira.

 

ZORIONTZEAK:

» Aurizberriko Urrobi kanpinari, euskarazko arreta eskaintzeagatik.

» Sarako Urtxola jatetxeari, euskarazko arreta eskaini eta karta euskaraz izateagatik.

» Orioko Mola-Mola tabernari, euskarazko arreta eskaintzeagatik.

» Bidarteko Durthe okindegiari, euskaraz artatzeagatik.

» Josep Carreras fundazioari, prentsan iragarkia euskara hutsean ezartzeagatik.

» Sarako Leizeak, euskaraz bisitatu ahal izan direlako.

» Ziburuko Maitenia ardandegiari, euskaraz artatzeagatik.

 

LORPENAK:

» Kutxabankek euskaraz idatzitako bezero baten erreklamazioari gaztelaniaz emandako erantzuna zuzendu eta euskaraz erantzun du.

» Bizkaiko Foru Aldundiak egoitza elektronikoaren euskarazko bertsioko akatsak zuzendu ditu.

» Barakaldo-Sestao ESI-ko Min Unitateko baimen informatu guztiak berrikusi eta guztiak euskaraz izateko neurriak hartu ditu Osakidetzak

 

BEHATOKIA

Hizkuntza-eskubideen urraketen aurrean euskaraz bizi nahi duten herritarrei oztopoak gainditzeko laguntza eskaintzera zuzentzen du bere jarduera Hizkuntz Eskubideen Behatokiak.