2021-02-18 16:57

Bizi dugun osasun krisiak datozen aste edo hilabeteetan etor litekeena aurreikustea zaildu egin digu, eta esan liteke, onerako edo txarrerako, gutxiago planifikatzera eta orainaldian gehixeago bizitzera eraman gaituela. Edonola ere, ez diogu etorkizunean pentsatzeari uko egin. Badakigu orain hartzen ari garen -edo zenbaitek hartuko dituzten- erabakiek urte luzetan izango dutela eragina. Kontua ez da, beraz, egoera honetatik noiz irtengo garen, nola irtengo garen baizik. Burujabeago izango al gara? Edo hobe esanda: zer egingo dugu burujabeago izan gaitezen?

Hamaika Gara ekimenaren sustatzaileok solasaldi ziklo bat antolatu dugu, burujabetzak eta erabakitzeko eskubideak arduratzen gaituzten beste gai batzuekin duten intersekzionalitatea aztertu asmoz. Datorren asteazkenean hasi eta ekainera arte, zazpi solasaldi eskainiko ditugu. Aurrez-aurre ditugun erronkei buruzko herri eztabaida elikatzeko unea dela uste dugu, eta zeregin horretan, ezinbesteko papera jokatzen dute komunikabideek. Gure esker ona adierazi nahi diegu medioei garai zail honetan egiten ari diren lan itzelagatik, eta kasu honetan, bereziki, Berria egunkariari, solasaldi zikloa gurekin batera ekoizteko eta zuzenean emititzeko apustua egin baitu. Gainera, Martxelo Otamendi zuzendariak solasaldietako bat gidatuko du: Galeusca: hiru herri erabakitzeko bidean. Maiatzaren 12an izango da eta Marcel Mauri (Omnium Cultural) Maria Xosé Bravo (Via Galega) eta Amalur Alvarezek (Gure Esku) hartuko dute parte.

Herri eztabaida bat

Pandemiak aurretik ere gordintzen ari ziren krisi guztiak -zaintzena, lurraldearena, ekonomikoa, ekologikoa eta soziala, besteak beste- azaleratu eta azeleratu egin ditu. Asko ginen aurretik ere eredu aldaketa bat aldarrikatzen ari ginenak, eta badirudi inor gutxik ukatuko duela orain zerbait, behintzat, aldatu beharra dagoela. Nondik jo beharko genuke gure ongizatea berreskuratzen eta zabaltzen hasteko? Zein eragin dauka burujabetzak gure bizimoduan? Uste dugu betikoan jarraitzeak ez duela balio, iraganera itzultzeak ez daukala etorkizunik, eta erantzun berriak bilatu behar ditugula.

Nork erabakitzen du (eta nork ez)? Non hartzen dira erabakiak? Eta nola? Salbuespen egoera honen aurrean erantzun berriak nahi baditugu, ezinbestekoa da gobernantza ereduaz ere eztabaidatzea. Gure etorkizuna baldintza dezaketen erabaki asko herritarrongandik urrun eta gure ahotsa entzun gabe hartzen ari dira, eta erabaki horiek hartzen dituztenek, gehienetan, ez dute gure gizartearen aniztasuna ordezkatzen. Zer egin dezakegu herri gisa erabakiguneak geroz eta demokratikoagoak izan daitezen?

Burujabetza gabeziak bete-betean eragiten du guretzat garrantzitsuak diren alorretan, adibidez, euskeran edo hezkuntzan. Zenbat buru, hainbat aburu dugu gure artean, baina zergatik ez gara eseriko elkarrekin pentsatzera nolakoa izango litzatekeen erabateko subiranotasunez eraikiko genukeen hezkuntza eredua, edo zein ekarpen egin diezaiokeen hezkuntza ekosistemak burujabetza prozesuari? Hamaika Gara solasadietan herri bezala eztabaidatu eta adostasunetara iristen saiatu nahi dugu.

Zikloa datorren asteazkenean hasiko dugu. Naziometroa: termometro eta iparrorratz izendatu dugu lehen saioa. Telesforo Monzon eLAB eta EHUko Parte Hartuz ikerketa taldearen lehen Naziometroaren ondorioak laburki aurkeztuko ditu Arkaitz Fullaondo Batzorde Zientifikoko kideak, eta ondoren, Zelai Nikolasek Xabier Barandiaran, Floren Aoiz eta Roberto Uriarteren arteko solasaldia gidatuko du. Martin Ugalde Kultur Parkean grabatuko dugu eta www.hamaikagara.eus eta www.berria.eus-en jarraitu ahalko da, zuzenean zein nahieran.

The post “Krisi egoeratik herri gisa nola irten nahi dugu?” first appeared on Gure Esku.
Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Erabakitzeko eskubidearen aldeko herri mugimendua. Burujabetzaren aldeko eta euskal herritarrok gure etorkizun politikoa libreki erabakitzeko lan egiten duen dinamika anitz eta parte-hartzailea. Jende zoriontsua herri libre batean.