2021-07-16 00:28

Bilboko Areatzan batu ditugu indarrak: herri gogoa, determinazioa eta bizipoza. Kaleak berrartu eta burujabetzarako bidean urrats berriak egiteko prest gaude. Ondorengoa Josu Etxaburu bozeramaileak mobilizazioan egindako diskurtsoa:

Hari baten gainean hegan egiten duen funanbulistak ez dio beldurrik haria lasatzeari, ez dio beldurrik haize ufadak jo eta haria gehiegi mugitzeari. Funanbulistaren konfidantza ez baitago harian; funanbulistaren konfidantza bere buruarengan dago. Badaki nora iritsi nahi duen, eta badaki gakoa aurrera begiratu eta bidea pausoz pauso egitea dela. Eta gu, norantz goaz gu? Badakigu gauden tokian, behintzat, ez dugula jarraitu nahi. Ez dugu gure bizitza beste inoren eskuetan nahi; gure bizitzen jabe izan nahi dugu!

Eta burujabe izateak berebiziko garrantzia duela ikusi dugu. Berebiziko kontua da gure erakundeei herritarrok zaintzeko tresnak falta zaizkienean, eta beharrezko osasun neurriak hartzeko gai ez direnean. Berebiziko kontua da Estatuek eskukada bat enpresari txertoen patenteei eustea onartzen dietenean, eta mundu osoan milioika pertsona euren txertoa noiz iritsiko zain uzten dutenean. Osasun krisiak erakutsi digu urjenteenari erantzuteko ere, erabakitzeko ahalmena behar dugula, baina ezin dugu begirada urjenteena den horretan bakarrik jarri. Begirada altxatzen hasteko unea da, unean-uneko urjentziek zerikusi handia baitute etorkizuneko erronkekin.

Ez gara euskaraz biziko ez badugu hizkuntza-politika mugarik gabe erabakitzeko gaitasunik. Ez ditugu enplegu eta pentsio duinak bermatuko, ez badugu horretarako eskumenik. Ez gara harrera herri izango, ez badiogu Mediterraneoan zein Bidasoan jendea itotzen duen politikari planto egiten.

Eskura dugun eskumen-esparrua ez da nahikoa aurre egin beharreko herri-erronkak gauzatzeko. Euskal Autonomia Erkidegoan, osorik garatzetik urrun, aspaldi agortuta dagoen Estatutu bat dugu, eta Nafarroan, herritarrek berretsi ere egin ez zuten Foru Hobekuntza bat. Subiranotasun osoa garatzeko eskubidea dugu, gure bizitzetan eta komunitatean eragiten duten auzi guztiei buruz erabaki ahal izateko. Herri gisa aurrera egiteko bide bakarra da: hemen erabakitzea, eta denon artean erabakitzea. Hemen erabaki, herritarrok erabaki!

Europatik olatu demokratiko berri bat dator, eta badakigu zer gertatzen zaion olatuaren zain geratzen denari: olatuak azpian hartzen du. Olatua hartzeko prest egon nahi badugu, gaurdanik hasi behar gara igerian. Erabaki behar dugu zein toki izan nahi dugun erabakitzeko bidean dauden herrien mapan: beste herriek zer lortuko zain geratuko gara ala haiekin batera subirautza osoaren aldeko aliantza bat osatuko dugu? Sintonia badugu eta sinkronia bakarrik falta zaigu. Baina laister iritsiko da: 2022ko udan, katalan eta euskal herritarrok elkarrekin antolatuko dugun lehen mobilizazioa egingo dugu. Datorren larunbatean bertan aurkeztuko dugu; adi egon, beraz.

Altxa eta elkarrekin bultza egiteko garaia da, konponbide demokratikoa bat eta bera baita Katalunian zein Euskal Herrian: herritarroi hitza ematea eta gure hitza errespetatzea. Erreferendumak adosteko lan egingo dugu, baina ez dugu gehiengoaren borondateari betoa jartzerik onartuko. Gure bideak gehiengo zabal baten bultzada behar du. Anek lehenxeago castell-aren metaforarekin azaldu duen bezala, giza gaztelua osatzeko, hura sostengatzeko prest egongo den oinarri zabal bat behar izaten da. Zenbat eta sendoagoa izan oinarria, orduan eta errazago eusten zaio orekari, eta orduan eta altuago iristen da taldea. Oinarria izaten da arrakastaren bermea, eta gu ahalik eta oinarri zabal eta sendoena josten ari gara.

Herriz-herri eta auzoz-auzo, jostunok sarea josi eta josi gabiltza. Herri galdeketetan egin genuen bezala: ehundu, adostu eta erabaki. Burujabetzarako bidean sinadurak eta konpromisoak biltzen ari gara orain, eta eskumuturreko hau sinatzaileok gure konpromisoa adierazteko ikur bilakatu dugu.

Erreferendum bidez erabaki nahi dugu, eta erabakitzera goaz. Eta prozesu horretan, instituzioen egitekoa herritarron borondatea arautzea eta bide ematea denez, bildutako sinadurak eskutan, euskal erakundeak interpelatuko ditugu erabakitzeko bidea arautu dezaten. Ezinbestekoa duten herritarron bultzada emango diegu, erreferendumak egiteko ahalmen osoa beren gain hartu, arautu eta garatu dezaten.

Ordezkari politikoek olatu demokratikoa hartzeko aukera historikoa dute, bereziki, gure herriaren mendebaldean. Badirudi udazkenean berriz ere eutsiko diotela estatus politiko berriari buruzko eztabaidari. Pozten gara. Bazen garaia! Gai hau ezin da gehiago atzeratu, eta anbizio politiko handiagoa merezi du.

Kontu honen inguruan, autokritika ere egin nahi dugu. Azken giza katearen ondoren, Eusko Legebiltzarreko bi alderdi nagusiek erabakitzeko eskubideari bide ematea adostu zuten. Lorpen handia izan zen hilabete lehenago mobilizatu ginen milaka eta milaka lagunentzat, eta alderdiei konfidantzazko boto bat eman nahi izan genien. Hilabete asko pasa dira aurrerapausorik eman gabe, eta inoiz baino urjenteagoa denez, inoiz baino konbentzimendu handiagoarekin diogu ez dugula berriro ere halako etenaldirik edo blokeorik onartuko. Estatus politikoaren gaiak lehentasunezkoa izan behar du agenda politikoan.

Herritarron “marra gorria”

Ahalik eta adostasun zabalena bilatuko dutela entzun diegu. 10 herritarretik 7k gure etorkizuna erabaki nahi dugu: badago hori baino adostasun zabalagorik? Ez dugu uste, eta gure marra gorria hori izango da: estatus politiko berriak erabakitzeko eskubidea izan behar du ardatz. Ez dugu hori baino gutxiago onartuko. Eskumuturreko hauek izango dira gure marra gorria. Erabakitzeko eskubidean atzerapausorik ez! Erabakitzeko eskubidean atzerapausorik ez!

Guk aurrera egingo dugu. Olatuak ez gaitzan azpian hartu, gu geu izango gara olatua. Urte amaierara arte, sinaduren bidez konpromisoak biltzen jarraituko dugu, eta era berean, herri eztabaida bat sustatuko dugu burujabetzarako bidean hurrengo urratsak zeintzuk izan behar diren adosteko. Galdera dagoeneko ez da gure etorkizuna erabakiko dugun ala ez; galdera da noiz eta nola erabakiko dugun.

Hari baten gainean hegan egiten duen funanbulistak ez dio beldurrik haria lasatzeari, ez dio beldurrik haize ufadak jo eta haria gehiegi mugitzeari. Ez diegu beldurrik zailtasun eta oztopoei. Gure konfidantza gure buruarengan dago. Badakigu nora iritsi nahi dugun, eta badakigu gakoa aurrera begiratu eta bidea pausoz pauso egitea dela. Halako batean, hegoak astndu eta hegan egin arte.

Gure esku dago! Hamaika Gara erreferendumaren alde! Batu ditzagun indarrak!

The post Herritarron “marra gorria”, erabakitzeko eskubidea first appeared on Gure Esku.
Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Erabakitzeko eskubidearen aldeko herri mugimendua. Burujabetzaren aldeko eta euskal herritarrok gure etorkizun politikoa libreki erabakitzeko lan egiten duen dinamika anitz eta parte-hartzailea. Jende zoriontsua herri libre batean.