2020-10-12 16:31

‘Tripontzia: Burujabetzara bidean’ komiki digitala eta urteberriko zozketa aurkeztu ditugu. Tripontziaren irabazien zati bat euskal kulturgintza babesteko eta ikuspegi estrategiko batetik sustatzeko proiektu batera bideratuko da.

‘Tripontzia: Burujabetzara bidean’ dagoeneko salgai da herriz herri zein online, http://tripontzia.eus-en. Amalur Alvarez Gure Eskuren bozeramaileak adierazi duenez, Tripontziak helburu bikoitza izaten du: ekonomikoa eta kulturala: “Gure Eskuren finantzazio iturri nagusietako bat da, eta sorreratik izan duen bokazioa da Gure Eskurentzat ez ezik, herri honetan burujabetzarako bidean martxan dauden bestelako proiektuentzat ere autogestiorako tresna izatea. Horrekin batera, komiki bat ere bada, burujabetzaren inguruan zer hausnartu ematen diguna”.

Aurtengo Tripontzia komikiaren protagonistei tripak nahasten zaizkie erabakien aurrean. Erabakirik hartu gabe bizitzeko tentaldia izaten dute maiz, erabakirik ez bada, ardurarik ez dagoelako. Baina bada zerbait barruak korapilatzen dizkiena hala jokatzen dutenean, badakitelako erabakirik ez hartzeak aurrez markatutako bidetik daramatzala ezinbestean.

Ane Labaka Txakur Gorria kolektiboko kideak azaldu duenez, badira hitzak erabiltzearen erabiltzeaz gero eta abstraktuagoak bihurtzen direnak, eta ‘burujabetza’ horietako bat da. Burujabetza eguneroko erabakietara ekarri nahi izan dute berak eta Nerea Ibarzabalek: “Gure bizitzetan, errazena inertziak jarraitzea izaten da, eta zailena, berriz, burujabe jokatzea. Tripetatik eta erraietatik erabakitzea inplikatzen du”.

Unai Gaztelumendiren hitzetan, istorioetako pertsonaiek oso barrura begirako hausnarketak egiten dituzte, eta ez da erraza izan irudietara ekartzea: “Begiak itxi, eta bakoitzak iradoki didan pertsonaia marrazten saiatu naiz”.

Elkarri eskua emateko unea da

Tripontzia autogestiorako tresna ere bada Gure Eskurentzat. “Bizi dugun krisiak herritar eta eragile asko kolpatu ditu, eta Gure Esku ez da salbuespen izan”, -azaldu du Amalur Alvarezek-, “baina gu sinestuta gaude, une latzetan, inoiz baino gehiago, komunitatea dugula babesgune, eta komunitatea sostengatzen duten sareak babestea baino ziurtasun handiagorik ez daukagula. Horregatik, konfiantza daukagu herritarrek, urtez-urte egin duten bezala, oraingoan ere erosiko dutela Tripontzia, Gure Eskuri bultzada bat eman asmoz”.

Aurtengoan, gainera, beste arrazoi bat ere izango dute erosleek, euskal kulturgintza ere babesten ariko batira. Tripontziarekin jasotzen diren irabazien zati bat kulturgintzari lotutako proiektu batera bideratuko dugu. Helburua litzateke euskal kultur ekosistema artikulatzea, epe motzera, sektoreak bizi duen larrialdi egoerari erantzuteko, eta epe ertain-luzera, ikuspegi estrategiko batekin urratsak egiteko.

Proiektu horretan buru-belarri dabil, besteak beste, Gotzon Barandiaran, eta azaldu du euskal kulturgintza saretzeko beharrean dagoela: “Atomizazioa, nor bere zilborrari begira aritzea, elkarrengandik urrunegi egotea da euskal kulturgintzaren ezaugarrietako bat”. Irakurketa komunetatik helburu komunetara egin nahi dute bidea, ez bakarrik euskal kulturgintzaren ekosistema osatzen duten eragileen artean, ez bada “bizi dugun egoera eraldatzeko gogoa duten bestelako gizarte eragileekin batera”. Topaketa edo jardunaldi batzuk antolatu nahi dituzte abiapuntu bezala, hainbat galderari elkarrekin erantzuten saiatzeko: “Zer da estrategikoa euskal kulturarentzat?; Zer neurri hartuko ditugu euskal kulturgintzaren ekosistemak osasuntsu iraun dezan?; adostuko ditugu gutxieneko neurri estrategiko batzuk?”

The post Gure Esku eta euskal kulturgintza sustatzeko tresna izango da Tripontzia first appeared on Gure Esku.
Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Erabakitzeko eskubidearen aldeko herri mugimendua. Burujabetzaren aldeko eta euskal herritarrok gure etorkizun politikoa libreki erabakitzeko lan egiten duen dinamika anitz eta parte-hartzailea. Jende zoriontsua herri libre batean.