2019-05-16 22:11

Lehen sektoreko auto-hornikuntza posible dela erakusten duen proiektua aurkeztu da Amorebietan.

Gipuzkoako abeltzain ekologiko eragile batzuek, beraien beharretatik abiatuta, Lurgintza, Biolur, Goiener eta EHUren laguntzarekin, beraien baserrietan auto-horniketarako aukerak badaudela erakusteko diagnostikoa aurkeztu da ENEEKek Amorebietan duen egoitzan.

Azterketaren sustatzaile nagusiak Lurgintza Nekazal Kooperatiba eta Biolur elkartea izan dira, eredu ekologikoan jarduten duten abeltzain taldearen kezka eta beharrei erantzuteko asmoz.

Lan teknikorako Goiener/ Nafarkoop taldea izan dute alboan, energia berriztagarriarekin hornikuntza eta sorkuntzan lanean ari den bertako kooperatiba eta sistematizazio prozesuarako EHU/UPVko Mirene Begiristain ikertzailearen laguntza izan dute.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Landaola egitasmoa eta Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluaren finantziazioa izan duen proiektua da «Energia sortzen».

Azterketa honetan, eskualde eta orientazio ezberdinetakoak 5 baserritarrek hartu dute parte; Antzuolako Pikunietako Artzaiak, Eibarko Sosolak, Olaberriko Etxeberri Goikoak, Anoetako Sarobek eta Altzoko Berakoetxeak. Prozesua baserritar hauekin bakarrik  egitearen arrazoia, eskaera beraiengatik izateaz gain, Lurgintza, Biolur eta Goienerreko kide izatearena izan da.

Energiaren kostua eta jatorria dira baserri ekologikoek dituzten kezka garrantzitsuenetakoak. Ez bakarrik esne-ekoizpeneko baserri ekologikoetan eraldaketa planteatu behar izan dutela ekonomikoki bizirauteko, baizik eta natura-baliabideak ahalik eta gehien optimizatzea ere badelako ekoizpen ekologikoaren lehentasunetako bat.

Egoera horren aurrean, Lurgintza Gipuzkoako abeltzaintza-kudeaketako kooperatiban zein Abeltzaintza ekologikoko Biolur elkartean, zentzu horretan egin zitezkeen hobekuntzak baloratzeko eta zenbateko proiektu bat egiteko aukera planteatu zen. Horretarako, Goiener Taldearen esperientzia eta ezagupenak izan dituzte lagun; Nafarkoop energia berriztagarria sortzeko kooperatibaren bitartez, energia-kontsumoa murriztea helburu duen energia-auditoretza bat egin dute eta, bestetik, energia-iturri berriztagarrien bitartez, eta baliabide propioak erabilita, burujabetzaren aldeko energia sortzeko proposamena.

«Energia sortzen» proiektua ez da diagnostiko ekonomiko hutsa, baizik eta jakin eta baloratu nahi izan da nolako inpaktua duen sektorearen eta gure proiektuen dimentsio ekologikoan, sozialean eta politikoan era horretako prozesu bat abian jartzeak. Mirene Begiristainen laguntza izan dute horretarako; tokiko elikadura-sistemen alorreko EHUko ikertzailea da bera.

Diagnostiko hau egin eta gero, inplementazio fasea Euskal Herriko beste baserri batzuetara ere eraman nahi da. Energia-iturri berriztagarriak ahalik eta gehien aprobetxatzeak dakarrenaren datu ekonomikoak eskuratzeko aukera eman digu horrek, beharrezko inbertsioei zein ditugun baliabideak ahalik eta gehien aprobetxatuta lor dezaketen burujabetza portzentajeari dagokiona.

Jatorrizko artikulua.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Energia berriztagarriak sortzeko eta kontsumitzeko asmoarekin eratutako irabazi asmorik gabeko kooperatiba