Lekuko aldaketa egin du Goienerrek, eta koordinatzaile orokor berria du: Maria Arretxe Agirre (Leitza, Nafarroa, 1969). Hala berretsi zuen berriztagarrien kooperatibako Kontseilu Errektoreak Gasteizen egindako azken batzar nagusian. Maria Arretxe boluntarioa da proiektuaren hastapenetatik eta bazkide langilea duela 9 urtetik, Entitateen taldean.
Koordinatzaile orokor postuan Santi Ochoa de Eribe (Donostia, 1972) ordezkatuko du Arretxek —Ochoa de Eribe azken 12 urtetan egon da karguan—, baina, aurrerantzean ere Goienerren jarraituko du lanean, kooperatibako Negozio Eremuen Garatzaile gisa duen rol berritik ekarpenak egiten, Goienerreko bazkideentzako proiektu propioen eta energia-zerbitzu berrien hazkundean arreta berezia jarriz.
Lekuko aldaketarena une hunkigarria izan zen, eta, horrelako aldaketek zalantzak sortu ditzaketen arren, agerian utzi du Goienerren erreleboa modu naturalean egin dela. Arretxek eta Ochoa de Eribek bideo honetan hitz egin dute aldaketaz, horretarako arrazoiez, euren ibilbideaz eta kooperatibak dituen erronkez.
Maria Arretxe energia-eraginkortasuneko goi-mailako teknikaria da eta enpresa zein erakundeen arretarako Goienerreko koordinatzailea izan da orain arte. Batzarrean azaldu zuen moduan, “gogotsu eta ilusioz” hartu du ardura berria, ondoan lantalde sendoa izango duela jakitun. Kargua hartu berritan, Arretxek sorkuntzan aurrerapauso sendoak emateko borondatea erakutsi du, ikuspegi soziala alde batera utzi gabe.
Goiener kooperatibak biziki eskertu nahi dio Santi Ochoa de Eriberi orain arte egindako lana, baita une oro erakutsi dituen maitasun eta eskuzabaltasuna ere.
Bide batez, berriztagarrien kooperatibak zorterik onena opa dio Mariari ere zeregin berrietan. Zalantzarik gabe, bazkide langile eta boluntario guztiak aldamenean izango ditu.
Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.