2020-01-08 12:07

Artikulu honekin hasera emango diogu pasa den hilean Madril eta Txileko Santiagon egindako COP25 konferentziaren inguruko artikulu serie bati. Goiener Elkartetik bietara ordezkariak bidaltzeko aukera izan genuen. Beraiek bizitako esperientziak ekarri ditugu. Lehen honetan Santiago Ochoa de Eribek Madrilen bizitakoa jaso dugu.

COP25. Kronika bat gehiago

Egilea: Santiago Ochoa de Eribe.

Jakina denez, Alderdien 25. Konferentzia (COP) MADRILEN egin zen abenduaren 2tik 13ra. Komunikabide guztietan ikusi dugu eta, amaitu ondoren, porrotaz hitz egiten da.

GOIENERek, RESCOOP.EUren bidez, Eremu Urdinean parte hartzeko aukera izan zuen, negoziazioetan parte hartzen duten nazioentzat, behatzaileentzat, administrazioentzat, etab.

Nire esperientzia mugatzen da irekiera-ekitaldira (2. eguna) eta energia-eduki handiko abenduaren 9an eta 10ean egotera.

Nola kontatu horrelako gertaera bat ?behatzailearen? ikuspegitik? Imajinatu, une batez, 20.000 biztanleko herri batean: hitzaldi-antzerkiak, klima-aldaketaren aurka nola borrokatzen diren kontatzen duten nazioen erakusleihoak, ingurumen-ekimenen eta ekimen teknologikoen postu ibiltariak, ?manteroak? ere bertan ziren (manteroi errespetu guztiz).

Oraindik ere irauten didaten lehenengo sentsazioak dira: zorabioa, saturazioa, gehiegizko eskaintza, aukerak? Horri gehitzen badiogu eguneko agenda egunez egun mugitzen ari zela eta ekitaldi berriak agertzen zirela, azkenean ordu berean 30 eta 50 ikuskizun izan zenitzaken aukeran. Zer da lehentasunezkoa?

Azkenean, hainbat ekitaldi paralelotara joatea erabaki nuen, prentsaurrekoren batera (Greta han zebilen hilaren 10ean, berarekin zihoazen kazetari-mordoagatik antzeman zenezakeen) eta Europar Batasuneko pabiloiko erakusketaren batera. Hona hemen edukiak: energia berriztagarrien finantziazio-neurrien azterketa hainbat herrialdetan; klima-aldaketan genero-plan nazionalak diseinatzeko tresnak; ?goitik beherako? erabaki-prozesuak eraginkorrak izan daitezen nazio eta eskualde mailako ekintzak edo politikak; energia berriztagarriek deskarbonizazioan duten zeregina, haien erronkak eta aukerak, teknologien arabera; herrialdeen arteko emisioak konpentsatzeko mekanismoak, etab. Alegia, parranda oso bat! Batzuetan loteria errusiarra zirudien. Ez zenekien zer tokatuko zitzaizun.

Baten batek agian pentsatuko du: ?baina ez al da leku horietara joaten eragina izateko??. Bada, ez. Nire ustez, COP bat zer den, korporazio handien eta administrazioen irudi-garbiketa guztiak alde batera utzita (beste plataforma batzuek salatu dituzte jada), hau da:

  • Negoziazioen mundua. Estatuak konpromezu bila konpromezurik hartu gabe. Egia da batzuk, gutxiengoak, edo gutxien eragin dezaketenak, konpromezu bila dabiltzala, baina gehienak beste ?gerra? batean dabiltz. Botere-giro hori usaintzen da, asetzen du, gainetik pasa eta gainditzen zaitu. Ez dizute sorbaldaren gainetik begiratu ere egiten, besterik gabe ez zara existitzen. % 1a.
  • Salgaien mundua. Ezagutza, teknologia, zerbitzuak trukatzea. Klima-aldaketa merkatu libreko erakusleiho gisa ulertua (merkatu librea, horrela izatea interesatzen zaien kasuetarako soilik, noski). % 9a.
  • Harreman txikien mundua. Jende asko, leku, arraza, sinesmen, kolore, ikuspegi eta begirada askotakoak. Entzuten, trukatzen, galdetzen, jakin nahian, kezkatzen, bere buruaz harantzago begira. Jende hori ere han zegoen. Uste dut jende horrekin identifikatzen nintzela. Ahalik eta azkarren beren herrialdeetara itzultzeko eta besteek egingo ez dutena lantzen jarraitzeko gogoa duen jendea. Amorrua duen jendea, jasaten ari diren bidegabekeriak salatzen, neurri haundi batean ?hirugarren? mailako herrialde horien baliabideak indarrez ebasten dituen gure ereduarenak. Bere idiosinkrasiatik, planeta honetan gabiltzan guztiok ahizpak garela ikasteko eta adierazteko egarria duen jendea.

Hilaren 10ean, trenez ?presaz? itzuli nintzen. COPa nola amaituko zen jakin gabe, orduan esaten nion neure buruari: ?Ez dakit nola, baina gehiago izan beharko dugu, aldaketarekin konprometitutako bazkide gehiago, gu aldatuz gure ingurunea aldatzeko, bidezkoago, malguago, errespetuzkoago, berriztagarri gehiagorekin; ez hain bortitz, kontsumista, ez hain amorratu, itxurakeria gutxiago; itxaropen gehiago, konfiantza gehiago, eta zergatik ez, maitasun gehiagorekin?.

The post Goiener COP25en 1. zatia (Madril) appeared first on Goiener Elkartea.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Energia berriztagarriak sortzeko eta kontsumitzeko asmoarekin eratutako irabazi asmorik gabeko kooperatiba