2019-07-04 11:00

Elkartean sasoi onean egon gara ekaineko hilabete honetan eta ekintza ezberdinetan parte hartu dugu Goienerren filosofia Euskal Herriko herri eta hiri ezberdinetara eramanez. Hortaz, ekainaren 19 eta 20an Errenterian izan gara Energiaren Astearen baitan burutu diren ekintzetan parte hartzeko.

Aste honen helburua gizartea sentsibilizatzea da besteak beste, herritarrek beren kabuz, egunerokotasunean, energia erabilera egokiaren alde jardun ahal izateko eta ingurumen kontzientzia handiagotzeko.

Errenteriarrek 2020. urterako 2007an baino %20,16 CO2 gas isurketa gutxiago egitea helburu dute, Errenteriako Energia Iraunkorrerako Ekintza Planaren baitan. Beraz, erronka horren aurrean pausuak emateko interesgarriak diren jarduerak antolatu dituzte.

Gure aldetik, ekainaren 19an, autokontsumoan aditua den Goienerreko lankidea Xabier Loyartek, hitzaldi bat eskaini du ?Instalazio fotovoltaikoak. Ahalduntze energetikoa: bakanako edo partekatutako auto hornidura, parte hartzea oinarri? izenburupean.

Bestetik, ekainaren 20an, Goienerren inguruko hitzaldia eskaini die Loyartek gerturatutako lagunei.

 

Ekainaren 21ean, Ekonomia Eraldatuz proiektuan parte hartu genuen. REAS Euskadiko proiektu honek, sareko kide diren ekonomia solidarioko zenbait errealitate herritarrei ezagutarazteko helburua du.

Ekonomia honen parte diren elkarteen lana ezagutzeko asmoz, eguna Berziklatu entitatea bisitatzen hasi da. Berziklatu ekimen aurrendari bat da Europa mailan, izan ere, sektore publikoa eta entitateak elkartzen ditu irabazi asmorik gabeko eta helburu sozialak dituen proiektu batean.  Helburua hondakin handien tratamendu integrala egitea da gizarte-bazterketako egoeran edo arriskuan dauden pertsonak gizarteratuz eta lan-munduan txertatuz.

Ondoren, Bilboko Labore saltokian (hiriko lehenengo supermerkatu kooperatiboa dena), bai Laborek zein Fiare Banca Eticak eta Goinerrek egiten duten lana erakutsi dute.

Ekonomia-Eraldatuz

Goiza amaitzeko, Laboreko produktuen dastaketa bat egin da.

produktuen-dastaketa-Labore

Hilabeteari amaiera emateko, Lasarte-Oriako AlternatiBatu egunean parte hartu dugu beste behin ere.

Herritarrek antolatutako jarduera honen helburuetako bat, gaur egungo kontsumo eredu eta merkatu kapitalista suntsitzailearen aurrean bestelako bizi eredu bat ehuntzen hasteko lehen pausoak ematen hastea da.

Honetarako, jada praktikan eta martxan diren proiektu alternatibo ezberdinak gonbidatu dituzte ekitaldira. Herritarrek proiektu desberdinak ezagutzeko aukera izan dute stand-etara hurbilduz eta hitzaldietan parte hartuz.

Goienerren kasuan, gure informazioz jositako mahia jartzeaz aparte, sistema elektrikoaren inguruko hitzaldia eskaini dugu, honen aurrean egin dezakegun kontsumo arduratsuak azalduz.

Alternatibatu-mahaia

The post Energiaren Astean, Ekonomia Eraldatuz eta AlternatiBatun parte hartu dugu ekaina mugitu honetan appeared first on Goiener Elkartea.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Energia berriztagarriak sortzeko eta kontsumitzeko asmoarekin eratutako irabazi asmorik gabeko kooperatiba