2022-05-20 15:00

Energia-eredu eraldatzaileak sortzea premiazkoa den garaiotan, hitzetik hortzera dabilen gaia da Energia Berriztagarrien Komunitateena. Horren erakusgarri da Euskal Herriko udalerri askotan hitzetatik ekintzetara igarotzeko eman duten pausua, EBKak sortzeko ekimenak abian jarriz. Goienerrek energia berriztagarrien komunitate hauek sortzeko prozesuan bidelagun izateko konpromezu sendoa hartu zuen, eta hainbat herritako prozesuen parte da, kooperatibak sortzen lagundu eta elkarlanean lehen proiektuak martxan jarriz.

Prozesu bakoitza fase desberdinetan dago. Hernanin eta eta Orexan, esate baterako, dagoeneko sortu dituzte kooperatibak. Beste hainbat herritan, Energia Berriztagarrien Komunitate asko lehen pausoak ematen ari dira: Balmaseda, Bergaran, Ea, Errenteria, Gasteiz, Getaria, Itsasondo, Lea Ibarra, Leitza, Zumaia, Otxandio, Usurbil, Elorrio, Oiartzun, Zestoa, Zumaia eta Ziortza Bolibarren.

Zalantzarik gabe, herri gehiago batuko dira zerrenda honetara, aldez edo moldez, komunitate askok erakutsi baitu eredu eraldatzaile berriekiko interesa.

Aipagarria da Gasteizko kasua ere. Udalak hala eskatuta, EBK-n inguruko sentsibilizazio kanpaina bat zuzentzen ari da Goiener. Martxoan egin zen irekiera ekitaldian 300 lagun elkartu ziren Europa jauregian, eta 10 auzotan eman beharreko 20 hitzaldiek ere harrera oso ona izan dute, 350 lagunetik gora elkartuz.

Nola sortu Energia Berriztagarrien Komunitate bat?

Arrakasta eta herritarren inplikazioa ez dira harritzekoak, Europako Batzordeak berak Energia Berriztagarrien Komunitateak sustatu, bultzatu eta sendotu nahi baititu. Europako zuzentarauek definitutakoaren arabera, EBK bat, entitate juridiko bat da, tokiko pertsona fisiko eta juridikoentzat, publiko zein pribatuentzat, energia berriztagarriekin zerikusia daukaten proiektuak egiteko, bertakoei eta komunitateko partaideei, onura sozial, ekonomiko eta ingurumenekoak emateko.

Kooperatibako bazkide eta erabiltzaileak, bertako pertsonak, elkarteak, merkatariak, enpresa txikiak, Udala eta tokian tokiko bestelako eragileak izango dira, eta ahalduntze prozesuaren ondoren, hauek erabakiko dituzte kooperatibaren nondik norakoak.

Etorkizuneko erronkak

Aurrera begirako erronkak ez dira makalak. Datozen hilabateetan, Goienerrek martxan dituen EBK prozesuetan laguntzen jarraituko du: kooperatibak sortzen, energia proiektuak ikertzen zein abiarazten eta etorkizun laburrean izango dituzten beharrei erantzuteko zerbitzuak garatzen. Labur esanda, komunitateak aski autonomo izan arte laguntza eman eta bitartekoak eskaintzen. 

Bestalde, esperientzietan pilatutako jakintzan oinarrituta, eta Elhuyar-en laguntzarekin, laster argitaratuko da EBK sortzeko bidelaguntzarako gida. Pertsona erdigunean eta elkarrekintzan jarrita, komunitateko kideak beraien ingurunea eta bizitza hobetzearen protagonista aktibo bilakatzeko estrategiak, baliabideak, aholku praktiko eta erremintak jasotzen ditu gidak. 

Gidaz gain, web atal bat ere zabalduko du Goienerrek, proiektu guztiei buruzko informazioa kontsultatu eta Energia Komunitateei buruzko Goienerren ikuspegia erakutsi ahal izateko.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Energia berriztagarriak sortzeko eta kontsumitzeko asmoarekin eratutako irabazi asmorik gabeko kooperatiba