2021-04-21 08:45

Urtarrilean, komunikabide askok jakinarazi zuten argindarraren prezioak igo zirela hotz-bolada betean. Goiener Taldean informazio-ohar bat bidali genien gure bazkideei, eta artikulu bat argitaratu genuen gure blogean, igoeraren arrazoiak azaltzeko. Halaber, sektoreko aditu askok bezala, ohartarazi genuen neurri zuzentzailerik gabe egoera hori errepikatu zitekeela.

Orain, apiril bete-betean, nahiz energia berriztagarrien ekoizpen handia izan eta batez besteko eskaera maila ertainarekin, urtarrileko antzeko prezioetara itzuli da egoera.

Merkatu elektrikoan zer gertatzen ari den ulertzeko, funtsezko galderak egin eta hauek erantzuten saiatuko gara.

Gure Merkatuetako Taldeak Píkara Magazine aldizkarian argitaratutako “Energiaren prezio bidegabea” artikulua irakurtzea ere gomendatzen dizuegu. Bertan, oso modu didaktikoan azaltzen dute merkatu elektrikoaren funtzionamendua, eta erantzun askok balio dute testuinguruan jartzeko.

Aurreikusiten den igoera horrenbestekoa da?

Merkatuan, apirileko prezioetan, inoiz ikusi ez diren prezioak erregistratu dira. Erreferentzia gisa, aurreko urteetako apiriletako prezioen batezbestekoa 37,31 €/MWh da, 2021eko apirilean aldiz, batez bestekoa 60,46 €/MWh da, hau da, %62 gehiago.

2021. urteko hurrengo hilabeteetarako, aurrez erosten den energiaren ("etorkizunekoak") prezioaren joera ere markatzen du honek, eta 65 €/MWh-tik gorakoa da. Datorren urteetako prezioak ere igotzen ari dira egunez egun, eta datorren urterako batezbestekoa  61,3 €/MWh-tan zenbatesten da.

2015etik aurrera, eguneko merkatuko prezioaren urteko batezbestekoa 46,89 €/MWh izan da, eta daramagun joerarekin jarraituz gero, aurtengoa 59,18 €/MWh-koa izango litzake.

Zerbait puntuala da?

Orain arte, merkatuko prezioaren igoerak puntualak izan dira, elektrizitate-eskaera nabarmen handitzeak edo gasaren prezioa handitzeak eragindakoak, normalean. CO2-aren merkatuko prezioen igoeraren ondorioz, prezio altuak aurreikusten dira 2021 osorako, baita hurrengo urteetarako ere, aurreko erantzunean adierazi dugun bezala.

Apirilean gertatzen ari denari dagokionez, igoera hori puntuala ez izatea aurreikusten da; alegia, iraun egingo duela neurririk hartzen ez bada.

Zein teknologia ari da markatzen kasazio-prezioa?

Oraingo egoera urtarrilekoarekin konpara dezakegu, bi kasuetan kasazio-prezioa markatzen duen teknologia hidraulikoa baita hein handi batean.

Hori OMIEk hilero argitaratzen duen txostenean egiazta daiteke (11. orrialdea).

Orduan, zer zerikusi dute beste faktore batzuk, CO2-aren igoerak, esaterako?

CO2-aren eta gasaren prezioaren igoeraren ondorioz, ziklo konbinatuen eta ziklo termikoen salmenta-prezioa igo da. Energia hidraulikoaren sorkuntza-kostuei dagokionez aldiz –horrelako faktoreen arabera aldatzen ez diren arren– elektrika handiek unea aprobetxatzen dute salmenta-eskaintzaren prezioa igotzeko eta, hartara, irabazi handiagoa lortzeko. Hau da, aukera-kostua aprobetxatzen dute.

Guztioi eragiten digu igoera horrek?

Epe laburrean, zuzenean eragiten die eguneko merkatuko prezioari lotutako tarifei, hau da, PVPC eta tarifa indexatuei. Gainerako kontratuei dagokionean, merkaturatzaile bakoitzak hartzen dituen erabakien araberakoa izango da eragina, hots, bere barne-egoera kontuan hartuz energia erosteko estrategia etabarrek baldintzatukoa.

Epe luzera, denboran mantentzea aurreikusten den prezio-igoera honek kontsumitzaile guztiei eragingo die, baita prezio finkoko kontratua dutenei ere. Gaur egun iraunkortasuna duten kontratuak berritu egin beharko dira, eta horretarako kontuan hartuko da egungo merkatuko prezioa eta "etorkizunekoek" dutena.

Gogoratu PVPC tarifak bonu soziala duten kontsumitzaileei aplikatzen zaizkiela, eta beraz, merkatuko prezioen igoera garrantzitsu horrek zuzenean eragiten diela kontsumitzaile zaurgarriei.

Bestalde, ez dugu ahaztu behar prezioen igoera horrek enpresa-sareari ere eragiten diola eta hauek osasun-krisiak eragindako egoera delikatuaren zama dakartela bizkarrean.

Zenbat diruri buruz ari gara?

Kontratu indexatu edo PVPC motako kontratuentzako: garraio zein banaketa ordainsariei eta sistemaren karguei dagokienez fakturazioan izandako aldaketa kontuan izan gabe, energia-kostuaren gaineko aldaketa ia zuzenki proportzionala izango da eguneroko merkatuko prezioaren igoera-ehunekoarekin (ia prezio osoa merkatuko prezioari baitagokio). Adibidez, lehen esan dugun bezala, apirilean igoera %62koa da oraingoz.

Kontratu finkoa duten kontsumitzaileek, kontratua berritzeko orduan igoera garrantzitsua nabarituko dute, eta une horretan "etorkizuneko prezioen" aurreikuspenaren araberakoa izango da. "Etorkizuneko" prezio horiek ere oso altuak aurreikusten dira.

2021aren Q3 (hirugarren hiruhilekoaren) etorkizuneko prezioen igoera:

2021aren Q4 (laugarren hiruhilekoaren) etorkizuneko prezioen igoera:

2022ko eta 2023ko etorkizuneko prezioen igoera 2021ean:

Energia berriztagarriak sortzeko eta kontsumitzeko asmoarekin eratutako irabazi asmorik gabeko kooperatiba