2020-09-03 15:12

Gaur, 2020ko irailak 3an, Argentinako enbaxadan eta bideokonferentziaren bitartez, Rodolfo Martín Villak, Maria de Servini argentinar epailearen aurrean deklaratuko du. Luze borrokatu ostean, Frankismoaren Biktimen Plataformak 80 urte eta gero, espainiar agintari bat Transizioan gertatu ziren Giza Eskubideen aurkako zenbait krimenengatik galdekatuta izatea lortu du.

1977ko Amnistia Legea aitzaki, nazioarteko erakundeen salaketei entzungor, Espainiar sistema judizialak Giza Eskubideen kontrako frankismoaren ekintzak ikertzeari bide guztiak itxi egin izan ditu. Justiziarako Espainian ate guztiak itxita, Servini andrea izan da Plataformaren salaketak onartu eta inpunitatearekin amaitzeko bide judiziala zabaldu duena… Betiere espainiar estamentu judizial eta politikoak oztopatuta.

Rodolfo Martin Villa ez da frankismo berantiar eta Erreforma-Transizioaren aroko edozein pertsonaia. 1975 eta 1981 urteren artean gertatu zenaren zuzeneko arduradun politikoa izan zen. Diktaduraren urtetan Sindikatu Bertikalarekin lotutako zenbait ardura postutan jardun zen. 1966rako Espainiar Erakunde Sindikalaren Idazkari Nagusia zen eta Erresumaren Kontseiluko kidea. 1974an Bartzelonako Gobernadore Zibila eta probintziako Movimiento-aren buru. Gainera Gorte frankistetan prokuradorea ere ba zen. 1975an, Franco hil ostean, Arias Navarro gobernuan Harreman Sindikalen ministroa zen eta 1976an Gasteizko sarraskia gertatu zenean berak eta Manuel Fragak zuzeneko ardura zuten Espainiako gobernuan. Urte berean, Juan Carlos Igoak izendatutako Adolfo Suarezen gobernuan Gobernazio ministerioaz arduratu zen (karguak 1977tik aurrera Barne ministroa izena hartuko zuen). Bere agintearen pean segurtasun indar frankistak berregokitu ziren bai eta errepresioa gogortu ere. UCD sortu zenean alderdi horretan sartu eta 1980an Calvo Soteloren gobernuan Lurralde Administrazioen ministro izan zen. Otsailak 23ko Estatu Kolpea eta gero, 1982ko uztailak arte Gobernuaren Presidente Ordea izan zen (eta ez dezagun ahaztu, bide batez, autonomien garapena mugatzen zuen legea, Trantsizioaren beste “lorpenetako” bat, Prozesu Autonomikoaren Harmonizazioko Lege Organikoa -Ley Orgánica de Armonización del Proceso Autonómico, LOAPA- 1982 uztailak 29an onartu zutela Gorteek, baina 1981ko udan UCD eta PSOEren arteko “zaldunen arteko” akordio baten ostean).

Servini epailearen “atrebentziak”, “ausardiak” eta “ezjakintasunak” hautsak harrotu ditu Trantsizioaren adoratzaileen artean. Ez da harritzekoa Felipe González, Jose María Aznar, Jose Luis Rodriguez Zapatero eta Mariano Rajoy, Espainiako presidente ohiak 1982tik 2018 artean, Martin Villaren alde irten izana -Juan Carlos Igo erregearekin egiten duten bezala-. Batez ere lehenengoa, bere ohiko harropuzkeriarekin, gogor mintzatu da kereila bultzatu dutenen aurka. Hori be ez da batere arraroa. Erreformaren-Trantsizioaren ententean hitzartutakoaren araberako moldaketa soziala lortzeko, Francoren heriotzak zabaldu zituen beste etorkizun batzuen aukerak moztu, inausi egin behar ziren. Eta hori indarrez baino ezin zen lortu. 1936ko gerra eta osteko hurrengo urteak bezala, Trantsizioak baditu bere bide-bazter okerrak eta ezkutuko hilobiak. Eta oraingoan be gertatutakoen biktimak ezkutatu nahi dira, isilarazi, ezabatu. Mespretxatu egiten dira edo iraindu zinismo osoz, Espainiaren izenean, justiziaren eta demokraziaren oinarriak zapuztuz. Jakina da Ententearen kide printzipaletako bat Espainiako Alderdi Sozialista dela. Eta Martin Villaren kasuan bezala, Felipe Gonzálezek be espainiar enpresa garrantzitsuenetan bere lekua topatu izan du. Endesa-n edo Sogecable-n lehenengoa, Gas Natural-en bigarrena.

Baina aurrean ez dute edonor, Duintasunean eta Memorian tinko kokatuta, zutik, justizia aldarrikatzen dutenak dituzte. Gaur, borroka horretan aurrerapauso izugarria emango da. Zapalkuntzaren botere eraikina gordetzen duten inpunitatearen harresiei arrakala bat egingo zaie.

The post Inpunitatearen harresiei arrakala appeared first on Guernica Gernikara.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
2017. urtean, Gernika-Lumoko Memoria, Kultura eta Giza Eskubideen alorretan dihardugun zenbait eragile eta elkarte batu ginen Gernikako Bonbardaketaren Urteurrenerako herriko taldeen jardueretan gutxieneko koordinazio bat lortzeko, elkarrekin lagundu eta ekimen komunak bultzatzeko.