2020-12-28 16:02

1944ko abenduaren 25an George Lowther Steer, Mianmarren japoniarren kontra borrokatzen zen britainiar armadaren kidea orduan, auto istripu batean hil zen. Kazetari arduratsu eta antifaxista peto petoa, Steerrek Gernika-Lumoko bonbardaketaren berria mundu osoan zabaltzen lagundu zuen ahotsetako bat izan zen. 1937ko apirilaren 27an The Times, ingeles egunkariak bonbardaketari buruzko bere artikulu famatua argitara eman zuen. 1938an argitaratu zen The Tree of Gernika. A Field Story of Modern War (jatorriz euskerazko grafian, berez, aukera esanguratsua) liburuan , Steerrek Bizkaiko erasoaldian bizi zituen gertaerak azaldu zituen, italiar faxistek Etiopia konkistatu zutenean egin zuten bezela, totalitarismoen militaristen herio zaletasuna, ankerkeria eta arrazismoa salatu zituenean. 1935an The Times korrespontsala zen Etiopiako inbasioa gertatu zenean. Orduan italiarrek erabili zituzten Gerra Osoaren metodoaren baliabide odoltsu eta izugarriak salatu eta deskribatu zituen. Etxalde, herrixka, herri, hiri, biztanle zibilen kontrako bereizgabeko aire erasoak; bonbardaketak, metrailaketak, galarazitako arma kimikoak (iperita edo ziape gasaren erabilpen masiboa)… Ez zan luze igaroko ezinezkoa zirudiena gure lurretan antzekorik ikusi ahal izateko.

Ez ginen horren desberdinak.

Gerra inperialisten ingurukoak eta faxismoaren hazkundearen aurrean bera, eta bera bezalako informatzaile eta ekintzaile askok mendebaldeko potentzia demokratikoen isiltasuna, koldarkeria edo, kasu askotan, konplizitatea salatu zituzten, Europaren lotsarako…

Steer ondo gogoratzen dugu Euskal Herrian. The Tree of Gernika bere liburu hunkigarria berrargitaratu zen bai eta bere biografia ere, euskaraz. Gernikan urtero bere omenezko ekimenak egiten dira eta bere izena duen kazetaritza saria ezarri da, hain beharrezkoa den informatzaile zintzoen beharra aintzat hartzeko.

Guk bere izena Gernikako Bonbardaketaren Urteurrenaren jardunaldietatik atera nahi izan dugu eta faxismoaren kontrako bere borroka sutsua, bere konpromezu irmoa gogoratu nahi dugu 2020ko abenduaren 26an. XXI. mendearen hasieran, milurteko berriaren lehen mendean, inoiz desagertu ez diren totalitarismoen, militarismoen, indarkeriaren, esplotazioaren ahutzek herriak eta gizakiak, gure anai-arrebak, inoiz baino gehiago irensten dituztenean. Europan, lankidetzaren, elkartasunaren, ongizatearen ametsak lehortzen doazenean eta eta inoiz ez erauzitako faxismoaren izurritea, gure begien aurrean hedatzen ikusten dugunean, beldurrak, ezjakintasunak, norberekoikeriak, zikoizkeriak, koldarkeriak elikatuta.

Gaur egun, XX. mendearen hasierako hamarkadetan bezala, Europa mutu eta idortua dirudi, eta gure mugak mutu eta itsu nahi dituzten hilobi erraldoiak bihurtzen ari direla ikusten dugu. Globalizazio kapitalistaren mundua multinazionalen eta interes lobbien harrapaketarako mahai-joko basatia baino ez da. Jokalari mota asko ditu joko horrek, baina galtzaileak gure aurrean ditugu: milaka lagun, herri osoak, baztertuak, kanporatuak… Historikoki beti batera eman izan diren herrien zapalkuntza, esplotazio soziala eta baliabideen arpilaketa munduan orokortu dira; baina hauen justifikazioa, hauen naturaltasuna aldarrikatuta arrazakeriaren, totalitarismoaren eta inperialismoaren ideologiek gehitzen zaizkienean errealite ankerra gaixotasuna bihurtzen da.

Mendebaldeko Sahara, Euskal Herria, Rif, Korsika, Yemen, Palestina, Amazonia, Bolivia, Venezuela, Galiza, Tibet, uigurrak, rohingyak, maputxeak, Katalunia… Menperatze gatazkak nonahi, eta indarkeri giro horretan, borrero izan nahi duten faxismo berrien birsortzea dakusagu Estatu Batuetan, Turkian, Espainian, Frantzian, Israelen, Hungarian, Polonian, Italian, Brasilen, Alemanian, Myanmarren… Ez da aro lasaia oraingoa, inoiz horrelakorik egon bada. Baina ezin dugu amore eman, ezin ditugu printzipio askatzaileak alboratu.

Horregaitik oroitu nahi izan dugu Steer 2020-21 urteetako Gabon-Urte Berriko sasoi honetan. Bere ahots borrokalariaren oihartzuna gurera ekartzeko eta Covid-19 gaixotasuna baino arriskutsuagoa den faxismoaren pandemia salatzeko, Gernikatik Mundura…

Ez gara horren desberdinak…

1944tik 2020ra, George Steer. Borrokak darrai. La lucha continua. Askatasuna. Libertad.

The post Geworge Steer-i omenaldia appeared first on Guernica Gernikara.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
2017. urtean, Gernika-Lumoko Memoria, Kultura eta Giza Eskubideen alorretan dihardugun zenbait eragile eta elkarte batu ginen Gernikako Bonbardaketaren Urteurrenerako herriko taldeen jardueretan gutxieneko koordinazio bat lortzeko, elkarrekin lagundu eta ekimen komunak bultzatzeko.