2021-06-18 08:05

Azken egunotan berpiztu da berriro Guggenheim auzia eta Urdaibaiko Erreserba Naturala du jomugan. Jaurlaritzaren argumentua eskualdearen biziberritze ekonomikoa, kulturala eta ekologikoa da. Aitortu behar dut betidanik harritu nauela hain herrialde txikian eta hain distantzia txikira bi Guggenheim izatea; badirudi, ordea, anpliazioak direla, organismo beraren garroak balira bezala interes orokorrak estututzen dituztenak interes partikularren mesedetan.

Pandemiak eskualdeko jardunean izan duen eragina eztabaidaezina da. Baina Gernikak eta Busturialdeak bizi duen egoera kaxkarra arinagotik dator, utzikeri instituzional baten emaitza delako. Gernika-Lumo lotarako hiria da aspalditik; enpresa txikien digitalizazioa ez da aintzat hartzen eta lehen sektorea itolarrian dago. Hori ez du aldatuko Guggenheimen sukurtsal batek. Europako Batasunak NextGenerationEU egitasmoarekin dirutza banatuko du, baldintza zehatz batzuk jarraituz herriak biziberritu daitezen. Ez dut zalantzan jarriko neurriak hartu behar direla, baina diagnostikoa partekatua izan behar da, eskualdeko eragile sozialak, ekonomikoak eta kulturalak aintzat hartuz. Ez al da horixe, bada, Eusko Jaurlaritzak ahominean darabilen “auzolana”?

Europak ezarri dituen ardatzak dirua banatzeko hauexek dira:

  1. Merkatu bakarra, berrikuntza eta ekonomia digitala.
  2. Kohesioa, erresilientzia eta balioak.
  3. Baliabide naturalak eta ingurumena.

Helburua herria eramangarriagoa eta erresilenteagoa izatea da eta, bide batez, trantsisio ekologikoa bermatzea. Bada, bi herri, Gernika-Lumo eta Murueta, marra berde batez lotu eta voilá trantsisio ekologikoa! Milaka pertsonen joan-etorriek hain oreka natural prekarioa duen inguruan izango duten eragina onuragarria al da? Ekonomiak guztia justifikatu behar al du?

Egunotan Eusko Jaurlaritzak duen egitasmo honen aldeko eta aurkako iritziak plazaratu dira; komunikabideek orriak bete dituzte, eta irakurri ditudanen artean, hauxe: “Espero que quien reivindica el Guernica a Gernika-Lumo no se opongan”. Interpelatuta sentitu naiz, eta Gernika Batzordeako kidea naizen aldetik kontu batzuk ekarri nahi nituzke gogora. Gernika Batzordeak urteak damatza “Guernica Gernikara” aldarrikatzen, izan ere, bere sorrerako ardatzetako bat baita. 1979an Guernica espainiara ekarriko zutelako zurrumurruak bultzatuta taldekide batzuk Jose Mario Armerorekin (Trilateraleko kidea eta koadroa Espainiara ekartzeko gestioen arduraduna) bildu ziren; berak deituta, hain zuzen ere. Haren bitartez, Pio Cabanillas Kultura ministroarekin eta Alemaniako eta Poloniako enbaxadoreekin jarri ziren harremanetan. Armerok batzordekidei aitortu zien Guernica Gernikara ekartzearen alde zegoela. Pio Cabanillasek komisio bat eratzeko asmoa agertu zuen baina, bi aldeetatik gestioak egiteko izenak eman baziren ere, ez zen gauzatu. Bien bitartean, Roland Dumas Picassoren testamentu-albazea zenarekin batu ziren. Paloma Picasso, pintorearen alabarekin ere gutun bidez egon ziren harremanetan eta koadroa Gernikara ekartzearen alde zegoela aitortu zien. Artean koadroak New Yorken jarraitzen zuen.

1980. urte inguruan Bizkaiko Batzar Nagusiek eta Bizkaiko Foru aldundiak Gernika-Lumon museo bat eraikitzeko lehiaketa egitea adostu zuten. Epaileen artean ospe handiko izenak: Eduardo Chillida, Oriol Bohigas, Peña Gantxegi, Julio Caro Baroja, Ludovico Quaroni eta Vittorio de Feo. Lehiaketan 59 arkitektok hartu zuten parte eta irabazleak Anton Pagola eta Montserrat Fabre Donostiako eskolako lehenengo promozioko arkitektoak izan ziren. Zergaitik hau guztia? Bada, esateko Guernika Gernikara ekartzeko aldarrikapenarekin jarraitzen dugula, baina horrek ez digula kentzen eskubidea kritikatzeko Eusko Jaurlaritzaren nepotismoa eta gardentasun eta “auzolan” falta denoi eragiten diguten erabakiak hartzerakoan. Agerikoa da atzerantz egin dugula kultura ulertzeko eta kudeatzeko moduetan eta demokrazia partehartzailea egikaritzerakoan. Kulturaren espektakularizazioan touroperadoreak arte curator bihurtuko dira eta Gernika-Lumo Memoriaren Leku izatetik marka transnazional batek eponsorizatutako destino turistikoa izatera pasatuko da. Espektakuloa azalean; mozkina eta espekulazioa sakonean.

Trantsizio deiturikoaren (transakzioa deitzea hobe) ziurtagiri bihurtu zuten Guernica koadroa. Madrilen kustodiatuta jarraitzen du, beraz, zertarako halako despliegea orain, Kultura sailburuak berak ere esan badu, argi eta garbi gainera, Guernica Gernikara eskakizunak ez duela zerikusirik proiektu honekin. Izan al du inoiz? Esandakoa, beste transakzio bat, eta Guernica harrapariek amuan jarri diguten karnata. Hoska egingo al diogu?

Sabin Ibazeta Lertxundi
Gernika Batzordea

The post Discover Gernika-Lumo. Simply beautyful appeared first on Guernica Gernikara.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
2017. urtean, Gernika-Lumoko Memoria, Kultura eta Giza Eskubideen alorretan dihardugun zenbait eragile eta elkarte batu ginen Gernikako Bonbardaketaren Urteurrenerako herriko taldeen jardueretan gutxieneko koordinazio bat lortzeko, elkarrekin lagundu eta ekimen komunak bultzatzeko.