2026-03-29 15:35

Eusko Jaurlaritzako ordezkaritzak Guernica Bilboko Guggenheimera ekartzeko eskaria egin du Madrilen eta ezetza eman diote. Ulergarria. Ezetza ulertzeko baina, “ikuspegi positibotik”, ezetzaren arrazoi sakonak ulertu behar dira. Madrilen Guernica estatu tresna da. Euskal Herrian, Gernika-Lumon, Sekretu Ofizialen Legea eta 1977ko Amnistia Legea bere horretan mantentzen duen estatuaren “ordenarako” Guernica Reina Sofiatik kanpo izatea onartezina izan daiteke…

1975tik aurrera, Euskal Herrian milaka ahots altxatu ziren, hamarkadetako zapalkuntza bortitzak ahanztura ezartzea ez zuela lortu nabarmenduz. Gernika-Lumon ere, herritar multzo batek sortu zuen Gernikako Bonbardaketaren Batzorde Ikertzailea, geroago Gernika Batzordea izena hartuko zuena, 1975-76 urteren artean. Talde horrek bultzatuko zuen, Bonbardaketaren lehen urteurrenerako, era ia klandestinoan oraindik, herritarren topaketa jendetsua, bonbardaketaren eta gerrako testigantzak jaso eta elkarrekin partekatzeko. 1936-39tik lehenengo aldiz herritarrek hitza hartu eta haiek bizi izandakoa kontatzeko aukera eduki zuten. Gero historialarien mahaien antolaketak etorriko ziren, orduko historialari garrantzitsuen parte hartzearekin: Herbert R. Southworth, Manuel Tuñón de Lara, Pierre Vilar, Angel Viñas jendez gainezka osatu ziren jardunaldi haietan. Erantzukizunak argitu, artxiboen irekiera, bonbardaketa beraren azterketa eta egiaren ezagutza, biktimen aitortza, ziren alde batetik, Batzordearen asmo-lerroak, gaur egun bere horretan irauten dutenak. Gainera Gernika-Lumo Kulturaren eta Euskal Erresistentziaren Memoria Lekua bihurtzea. Bestalde, urte horietan, Espainiako UCDko gobernua Guernica margoa eramateko asmoekin hasi zenean, sortu zen Euskal Herrian Guernica Gernikara ekartzeko aldarri herrikoia; Gernika Batzordea izan zen asmo horren bultzatzaile nagusienetakoa. Aldi berean Bizkaiko Batzar Nagusi berrietan Guernica Gernikara ekartzeko, Gernika-Lumo Bakea eta Kulturaren Hiria bihurtzeko Gernikaren eta eskualdearen garapenerako batzordea osatu zen. Aztertu ziren egitasmoen artean Guernica jasotzeko museo bat eraikitzeko burutu zen nazioarteko konkurtsoa…

Kontzientziak askatu ziren gogo biziz beteriko une hartan, kultura munduko pertsonalitate garrantzitsu asko eta asko hartu eta jaso egin zuten ideia biak: Gernika-Lumon, Memoriaren Lekuan, Askatasunaren eta Kulturaren hiria eraikitzea eta, horrekin, lotuta, Guernicaren egoitza izatea. Herritarrontzat Picassoren margoa bonbardaketaren gertakizunaren testuingurua eta ondorioak azaldu eta mundura zabaltzeko aukera bezala ikusten zen baina, demokraziaren eta giza kidetzaren balioen defentsan, kanpora begira ere, beste Gernikak salatzeko. Memoria eta Internazionalismoa, uztartuta, banaezinean, presente egon izan dira mugimendu guzti horren historian zehar.

Euskal Herriko pizkunde berri baterako aukerazko gunea bezala ikusten zuen Jorge Oteizak Gernika. Urteetan zehar ideia eta xede berdinera bildu diren euskal kulturgileen zerrenda amaiezina da: Nestor Basterretxea, Eduardo Txillida, Agustin Ibarrola, Carmelo Ortiz de Elguea, Ramon Carrera, Jose Luis Zumeta, Javier Morrás, Daniel Tamayo, Remigio Mendiburu, Dario Urzay batzuk aipatzeagatik… Idazleak, musikariak, antzezleak, bertsolariak, dantzariak… Sormenaren unibertso oso bat. Guernica Gernikara asmoa bera, Euskal Herriaren Ondarea dela esan daiteke. Irudimen kolektiboaren emaitza, gizarte eta kultura eraikuntza askatzailerako, bitarteko, bide, helburu. Benetako indar sinbolikoa biltzen duen proposamena. Gure Izaera kolektiboa sortzeko ondarea; gure izaeratik Mundu justuago eraikitzen laguntzeko materia.

Horregatik, helburua ezin da izan margoa Bizkaira edo Bilbora ekartzea. Ez da, bere garrantziarekin ere, ospakizun borobilago edo zeharkako baterako eskaria egitea xedea. Guernica Gernikara aldarrikapena helburu eta arrazoi zehatzak izan ditu eta baditu: Memoria Lekua bere esan nahiekin eta arte lana bere balio sinboliko osoarekin batzea.


Gernika Memoriaren Lekuko

The post Berriz ere, GUERNICA, GERNIKARA appeared first on Guernica Gernikara.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
2017. urtean, Gernika-Lumoko Memoria, Kultura eta Giza Eskubideen alorretan dihardugun zenbait eragile eta elkarte batu ginen Gernikako Bonbardaketaren Urteurrenerako herriko taldeen jardueretan gutxieneko koordinazio bat lortzeko, elkarrekin lagundu eta ekimen komunak bultzatzeko.
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.