2018-03-06 13:04

Datorren Martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean, 1.609.810 emakume greba eta mobilizazioetan parte hartzera deituta daude Euskal Herrian. Horietatik, 606.800 lan merkatuan lanean ari dira, eta beste 276.750, formalki inaktibitate egoeran daude, lan egoerari buruzko estatistika ofizialen arabera (INE eta INSEE). Egungo ekonomia eta ondasun sorreraren kontzeptualizazioan lan merkatuaren eta etxeko lan eta zaintzen gaineko dikotomiak sakonki erroturik jarraitzen du. Gero eta gehiago dira lanaren esparru formalean lanean ari diren emakumeak, baina male breadwinner-a indarrean da oraindik: emakumezkoen jarduera-tasa gizonezkoena baino 8,7 puntu apalagoa da (2017).

 

Laneratze formalaren esparruan, Hego Euskal Herriko kasuan (2017) emakumeak nagusi dira Oinarrizko lanbideetan (%70,6), Kontabilitateko- administrazioko langile eta bulegoko beste langileetan (%66,4), Jatetxeetako, zerbitzu pertsonaletako eta babes zerbitzuetako langile eta saltzaileen (%66,0) artean. Kategoria sozioprofesionalen sailkapena desberdina da Ipar eta Hego Euskal Herrian. Alta, Ipar Euskal Herrian (2014) emakumezkoen presentzia oso metatuta dago Enplegatuetan (%82,8), hau da, pertsonal zerbitzuetan (%93,0), enpresetako bulego lanetan (%85,1), merkataritzan (%80,3) eta administrazio publikoan (%79,8).

 

Lan esparru informalaren gaineko zama medio lanaldi partzialen feminizazio-maila handia da Euskal Herrian (%76,4). Zertxobait handixeagoa da Ipar Euskal Herrian (%78,3) Hego Euskal Herrian baino. Ipar Euskal Herrian, ordea, eginkizun familiarrak eta ibilbide profesionala uztartzeko neurrien presentzia indartsuagoa da eta emakumeon egoera sozioprofesionala arras hobea da. Hori dela eta, formalki inaktibotasun egoeran direnen feminizazio-maila nabarmenagoa da Hego Euskal Herrian (15-64 urte bitartekoen %59,4a). Euskal Herriko inaktibo multzo honetan emakumezkoen nagusitasuna handia da 35-54 urte bitartean (%71,6), batez ere, 35-44 urte bitarteko belaunaldian (%75,4).

 

Euskal Herri osoko errealitate zehatza ezagutzeko inkesten falta bada ere, Hego Euskal Herrian etxeko-lanei ekiten dioten inaktiboen %89,9a emakumezkoak dira, estatistika ofizialen arabera. Joeraz, emakumezkoen nagusitasun hori motelki doa apaltzen, eta azken hamarkadan, bost puntu inguru jaitsi da. Alta, 2015. urteaz geroztik, ekonomiaren susperraldiaren eskutik, joera hori eten eta etxeko-lanei loturiko inaktibotasunaren feminizazioa handitzen ari da berriz.

 

AttachmentTamaina
gng_po-20180306-genero_desorekak.pdf662.14 KB
Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Gaindegia Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia da. 2004 urtean sortu zen irabazi asmorik gabeko elkarte gisara, eragile ekonomiko eta sozialek osatuta dago, eta bere helburu nagusia herri ikuspegiz Euskal Herriari buruzko ezagumendua sortu eta eskaintzea da. Izan ere, Euskal Herrian bizi arren, gure Herria zertan den ezezaguna zaigu gehienoi; halaber, ez dugu elkar ezagutzen eta ondorioz ezin dugu Euskal Herriko eremu ekonomiko eta sozial bat egituratu. Euskal Herriaren baitan daude, ordea, aurrean ditugun erronken erantzunak. Gaindegia, beraz, eragile ekonomiko eta sozialei gure herriari buruzko ezagumendua eskaintzera datorren behategia da.