2018-04-09 16:41

Etxebizitza eskuratzeak eztabaida sozial handia eragiten duen eskubidea da. Eusko Legebiltzarrak, lehenik, eta Nafarroako Gobernuak berriki, etxebizitzarena eskubide subjektiboen mailan jarri dute. Baina gazteen emantzipazioa etxebizitza eskuragarritasuna, egonkortasun ekonomikoa eta formazio aroaren luzapenak baldintzatua dago.

2008ko irailean Lehman Brothers eta AIGek Euskal Herritik milaka kilometrora nozitu zuten porrot ekonomikoa Euskal Herriko etxebizitzen salneurrian eragin zuzena izan zuen. Garai hartan, Euskal Herriko etxebizitzen salneurriak etengabeko hazkundean zeramazkien hainbat urte, oso modu nabarmenean Hego Euskal Herrian Espainiar estatuko higiezinen burbuilaren testuinguruan. Beraz, 2008ko udazkena mugarri, Hego Euskal Herrian etxebizitzen salneurria apaltzeko joera hasi zen, 2016 urtean behea jo arte. Baina 2017 urtean etxebizitzen salneurriaren beherazko joera eten egin da. Ez dago Ipar Euskal Herriko etxebizitzen gaineko datu ofizialik bilakaera hau zehaztasunez aztertzeko, baina salneurria Hego Euskal Herrian baino egonkorrago mantendu da bertakotutako hirigintza merkatuaren logikan.

Testuinguru batean zein bestean, gazteak emantzipatzeko zailtasunak indarrean

Euskal gazteek ez dute emantzipaziorako erraztasunik. Krisi aurreko etxebizitzen bataz besteko salneurria oztopo handia zen, eta salneurria apalagoa den honetan, prekarietate zantzu handienak nozitzen dituen kolektiboaren erosahalmenean zailtasun berriak egituratu dira. Gazteen Euskal Behatokiaren arabera, jabetzan etxebizitza bat eskuratzeko 18-34 urte bitarteko Euskal A.E.ko gazte batek bere soldataren %54,9a horretara bideratu beharrean dago (2016). Halere, proportzio hori %98,9koa zen 2007 urtean.

Parametro hauen arabera emantzipaziorako zailtasun erlatiboak handitu ez badira azken urte hauetan, 2017 urtean Euskal A.E.ko 15-29 urte bitarteko gazteen %45,6a emantzipazio nahia gauzatu ezinean ibili da. Ezintasun hau oso agerizkoa izan da, esaterako, 20-24 urte bitartean (%56,6). Gauzak horrela, Hego Euskal Herrian emantzipaziorako bataz besteko adina 30 urteen bueltan kokatzen da, eta Ipar Euskal Herriko kasuan, aldiz, 23 adinaren bueltan. Testuinguruan jartzeko, Europar Batasunean emantzipazioa 26 urteen bueltan gauzatzen da, eta Danimarka edo Suedia bezalako herrialdeetan, 19-20 urte bitartean. Hego Euskal Herriko gazteen emantzipazio berantiarra aspaldiko fenomenoa da, etxebizitza eskuragarritasuna, egonkortasun ekonomikoa eta formazio aroaren luzapenak baldintzatua. Hori bai, emakumezkoek emantzipaziorako hautuaren alde gizonezkoek baino pare bat urte lehenago egiten dute Euskal Herrian.

Alokairuzko parkea txikia da eta merkatuaren logikak etxebizitza jabetzan eskuratzearen aukera indartzen du

Azken zortzi urteetan etxebizitzen merkatuak izandako aldaketen ondorioz, etxebizitzen alokairuaren garestitzea agerizkoa izan da. Krisiaren lehenengo urteetan etxebizitza salerosketen uzkurtzeak alokairuzko etxebizitzen garestitzea eragin zuen, eta ordutik, prezioak nahiko egonkor mantendu dira. Hala, hilez hileko ekonomiaren ikuspuntutik, 2014 urteaz geroztik eskuragarriagoa da etxebizitza bat jabetzan eskuratzea alokairuan bizitzea baino. Egungo lan merkatuan epe luzeko konpromezu ekonomiko baten alde egiteko gazteek izan ditzaketen egonkortasun ekonomikorako perspektibak bestelako kontu bat da, ordea.

Edonola ere, alokairuzko etxebizitza parkearen presentzia ez da zabala gurean: erabilera iraunkorra duten Euskal Herriko etxebizitzen %14,6a alokairuzkoak dira. Hego Euskal Herrian hauek %12,0 dira, eta Ipar Euskal Herrian %37,1. Badira, beraz, bi errealitate Euskal Herrian. Horrela, jabetzaren kultura nagusitzen da euskal lurraldean, Hungaria edo Poloniaren pare, eta urrun geratzen da Alemania (%48,3) edo Frantzia (%35,1) bezalako herrialdeetan alokairuzko parkearen presentzia. Europar Batasunean ere, kopuru hori %30,8koa da.

Etxebizitzen salneurria medio, belaunaldien arteko segregazio geografikoa suspertzen ari da

Joera nagusi gisa, Euskal Herriko geografian barrena etxebizitzaren erabilera iraunkorra jarduera ekonomiko handieneko eremuetan metatzen da. Eremu hauetan bizi da biztanleriaren gehiengoa, eta hain zuzen ere, etxebizitza merkatuaren gaineko presiorik handiena bertan kokatzen da. Horrela, etxebizitza eskuratzeko zailtasun handiena eremu hauetako udalerrietan ematen da: etxebizitzaren salneurri garestiena Miarritze (4.418€/m2), Angelu (3.473 €/m2), Donostia (3.437 €/m2), Getxo (2.859 €/m2), Baiona (2.712 €/m2) edo Bilbon (2.326 €/m2) kokatzen da. Baina hiriburuen presio urbanistikoaren eraginpean diren errenta apaleko udalerrietan ere ez dago edozeinen esku, esaterako, Portugalete, Santurtzi, Basauri edo Barakaldon eta are gutxiago metroa haraino iritsi ondoren.

Salneurri hauek urrun xamar daude Tutera (934 €/m2) edo Maule-Lextarre (1.043€/m2) bezalako udalerrien errealitatetik, lurraldearen gaineko aukerak eta koherentziaren gainetik inertzia ekonomikoak nagusitzen ari direlaren seinale. Belaunaldi gazteek etxebizitza eskuratzeko zailtasunei eransten zaion dimentsioa da honakoa: etxebizitza bat eskuratzerako orduan hiriburuko etxebizitza merkatuaren gaineko presioak Donostialdeko gazteak metropoliaren periferia geografikoan kokatzen ditu. Logika bera nagusitzen da, esaterako, Miarritze-Angelu-Baionako aglomerazioan, non ekonomia erresidentzialaren logikan bigarren etxebizitzen proportzioa handia da, gainera. Ondorioz, neurriak hartu ezean, hirigintza merkatuaren logikak belaunaldien arteko segregazioa indartzen du euskal geografian. Eskala desberdinetan gertatzen ari den fenomenoa da hau.

ETXEBIZITZAREN ERABILERA EZ IRAUNKORRA (%). EUSKAL HERRIA, 2016.

Oharra: Mapan, Ipar Euskal Herriko udalerrietako datuak 2014 urteari dagozkio; Nafarroa Garaiko, Trebiñu eta Turtzioz Villaverdekoak 2011 urteari dagozkio.

Iturriak: Espainiako Sustapen Ministerioa, EUSTAT, INE, INSEE eta GAINDEGIA.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Gaindegia Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia da. 2004 urtean sortu zen irabazi asmorik gabeko elkarte gisara, eragile ekonomiko eta sozialek osatuta dago, eta bere helburu nagusia herri ikuspegiz Euskal Herriari buruzko ezagumendua sortu eta eskaintzea da. Izan ere, Euskal Herrian bizi arren, gure Herria zertan den ezezaguna zaigu gehienoi; halaber, ez dugu elkar ezagutzen eta ondorioz ezin dugu Euskal Herriko eremu ekonomiko eta sozial bat egituratu. Euskal Herriaren baitan daude, ordea, aurrean ditugun erronken erantzunak. Gaindegia, beraz, eragile ekonomiko eta sozialei gure herriari buruzko ezagumendua eskaintzera datorren behategia da.