2018-05-31 16:50

Gaindegiak, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiak, Interneten  jarri du Euskal Herriko azpiegitura turistikoak bilatzeko aukera eskaintzen duen zerbitzua. Orotara 3.935 erreferentzia biltzen ditu kategoria desberdinetan. Hala nola, turismo bulegoak, kategoria desberdinetako alojamenduak, museoak, osasun arretako guneak eta poliziaren egoitzak non dauden kontsultatzeko aukera eskaintzen du.

 

Horrezaz gain, erabiltzaileak badu euskal geografiako puntu jakin batera iristeko ibilbideen kalkulatzaile bat, bai eta, ubikazioa piztuz gero, inguruan zein azpiegitura duen kontsultatzeko modua ere.

Argitalpena beta bertsioan dago, eta beraz, dei egiten diegu erabiltzaile eta azpiegituron arduradunei akatsik  topatuz gero jakinaraztera, bisitariak eskura izan dezan ahalik eta datu sailik eguneratuena.

Halaber, uda honetan, pasa den udazkenean egin bezala, atzerriko bisitariari Euskal Herriko geografia ezagutzera emateko paperezko mapa editatu dugu “Basque People welcome you” leloarekin. Mapa Euskal Herriko azpiegitura turistikoetan eskuragarri egongo da, hala nahi duten guztietan. Horretarako aski dute komunikazioa@gaindegia.eus helbidera idatzi eta eskaera egitea. Doan jarriko ditugu hainbat ale haien esku (garraio gastuak eskatzailearen kontu).

The basque people welcome you aurrea

Udazkeneko maparen aldean, honako honetan Euskal Herriko geografia hamar eskualdetan banatu dugu eta bisitariari eskualde bakoitzari buruzko oinarrizko argibideak eskaintzen dizkiogu, bai eta aktualitate turistikoari buruzko webgune publikoen helbidea ere xehetasunak ezagutu nahi izanez gero.

The basque people welcome you atzea

Bi ekimen hauen xedea gure artean gero eta ugariagoak diren bisitariei Euskal Herriaren lurraldetasunaren berri ematea da. Izan ere, bisitariak jasotzen duen informazioa lurralde aldetik mugatua izan ohi da. Euskal Herriko geografia bere osotasunean jorratzen duten nazioarteko gida turistikoak ugari dira (Lonely Planet, Bradt Guides, Michelin…), gure artean, ordea, oraindik ez dago behar den lankidetzarik pauso hori emateko. Horren aldeko deia eta aldarria egin nahi genuke ekimen honen bitartez.

Gaindegiak, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia, bere egitekoen artean du Euskal Herria zertan den azaleratu eta zabaltzea. Bere misioaren baitan, Euskal Herriko geografia sozioekonomikoari buruzko informazioak argitaratzean berebiziko garrantzia aitortzen dio lurralde zatiketak eragindako informazio gabeziak agerian jartzeari. Asmo horrekin hainbat eduki eta tresna garatu ditu urte hauetan. Aipatzekoak dira, besteak beste, www.atlasa.eus eta  www.euskalgeo.eus .

Ibilbide horretan urrats berri bati ekin zion Gaindegiak joan den udazkenean, Euskal Herriko mapa turistikoa editatu eta zabaltzeari, batez ere, atzerriko bisitariak esku artean izan ditzan gure herriaren dimentsio geografikoari buruzko tresnak. Asmo horrekin editatu genuen berariazko mapa (“Basque People welcome you”) eta milaka ale banatu interesatatutako establezimenduetan.

AttachmentTamaina
PDF icon gng_po-20180531-mapa_eh.pdf603.83 KB
Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Gaindegia Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia da. 2004 urtean sortu zen irabazi asmorik gabeko elkarte gisara, eragile ekonomiko eta sozialek osatuta dago, eta bere helburu nagusia herri ikuspegiz Euskal Herriari buruzko ezagumendua sortu eta eskaintzea da. Izan ere, Euskal Herrian bizi arren, gure Herria zertan den ezezaguna zaigu gehienoi; halaber, ez dugu elkar ezagutzen eta ondorioz ezin dugu Euskal Herriko eremu ekonomiko eta sozial bat egituratu. Euskal Herriaren baitan daude, ordea, aurrean ditugun erronken erantzunak. Gaindegia, beraz, eragile ekonomiko eta sozialei gure herriari buruzko ezagumendua eskaintzera datorren behategia da.