2017-09-28 15:41

Europako Batasunaren irizpideak jarraituz, Euskal Herriko udalerrien sailkapenaren arabera lurraldearen %80,4 landa eremutzat hartu behar da. Aitzitik, Euskal Herriko biztanleriaren %82,6a hiriburu eta eremu urbanoetan bizi da (lur-azaleraren %17,4an). Aldaketa hau hamarkada  gutxitan gertatu da, eta dagoeneko NBE-k 2050 urterako aurreikusitako indize globala gainditzen dugu.

Araba da alde horretatik, Euskal lurraldeen artean hiriaren eta landaren arteko desorekarik argiena duena (biztanleen %75,1 hiriburuan bizi da, lurraldearen %8,5ean, Trebiñu aintzat hartuta). Lurralde monozentrikoaren adibidetzat har daiteke Araba. Bere baitan bi lurralde egitura bizi dira. Zaharrena, lurralde polizentrikoarena, bailara eta kuadrillak bere baitan dituena. Eta berriena, lurralde monozentrikoarena, Gasteizen inguruan egituratua, eta (Espainiako 36ko gerraren ondorengo hamarkadetako egitasmo ekonomikoarekin garatua).

Araba, beraz, orain hamarkada gutxi egituratutako lurraldearen dinamika nozitzen ari da, izan ere, orduko garapen desorekatuak (hiriburua ardatz zuen hazkunde ekonomiko, demografiko eta urbanistikoa) ari da gaur egungo lurralde desorekak eragiten. Esan daiteke ereinda daudela Araba desorekatzeko joera izango duten eragile nagusiak.

Ikuspegia eta baliabideak beharko dira egoera iraultzeko. Edonola ere, Arabako egoerak konplexutasun handi bat du bere baitan itxaropenerako aukera ere ematen duena. Araba Europako, penintsula iberiarreko eta Euskal Herriko ardatz ekonomiko eta funtzional nagusiekin lotuta dago. Kokapen horrek hainbat eskualderi jarduera ekonomiko berritzaile zein estrategikoen eremuan (elikagaiak, osasuna, energia berriztagarriak …) kokatzeko aukera ematen die eta aldi berean bere dibertsitate produktiboa lantzekoa. Halaber, ongizatearekin lotzen diren egituretatik hurbil ere badago. Galdera, beraz, horren baitan dago: lurralde eredu monozentrikoa indartzen duten urratsak sustatu ala lurralde polizentrikoa garatzeko kuadrilla bakoitzaren aukerak indartu eta sustatu, iraunkortasun paradigma integral baten bidetik?

Jasangarritasuna helburu duten estrategia guztien aldetik landa eremuari eginkizun estrategikoa aitortzen bazaio ere, Europako Batasunean aplikatu diren nekazaritza politikek ez dute balio izan zonalde horietan biztanleria eta aktibitatea errotzeko. Halaxe aitortzen du Europako Batasunak berak nekazaritza politikari buruzko liburu berdean (1985). Beraz, bide berriak egokitu behar dira inertziak apurtu eta lurraldean pertsonak zein jarduerak errotuz eredu iraunkor batean biziberritzeko.

Lan honen xedea Arabako kuadrillen argazki sozioekonomikoa egitea da. Argazki horretan, ordea, arreta berezia jarri nahi izan dugu lurralde eremu hauetako bakoitzak iraunkortasun estrategia bat garatzeko dituen parametroen neurketa eta konparazioan. Hau da, zein dira kuadrilla bakoitzaren ezaugarriak? Ezaugarri horiek zer diote kuadrilla horrek izan dezakeen bilakaeraz? Azken batean, non dauden kuadrilla bakoitzaren indarguneak, non ahuleziak?

Horrela azterlan honek lau kapitulu nagusi ditu: lurralde egitura eta mugikortasuna; jarduera eta egitura ekonomikoa; kohesio soziala eta metabolismo demografikoa. Atal horien baitan arreta berezia jarri dugu egiturako auzi jakinetan, hala nola, mugikortasuna, ekipamenduak, jarduera ekonomikoak, biztanleria aktiboaren kualifikazioa, enplegua, herritarren errenta maila, genero desorekak enpleguan eta errentan, egitura demografikoaren ordezkapen gaitasuna … eta abar.

Esandakoak, beraz, balio izango du Arabako kuadrilla bakoitzaren baitako xehetasun garrantzitsuak ezagutu eta etorkizunari begira bere baitan dituen aukerak ezagutzeko.

 

***OHAR GARRANTZITSUA: Txostena bi orrialdeka bistaratzeko prestatuta dago. Horrela ikusteko deskargatu PDF dokumentua, webean orrialdeak banaka erakusten baititu.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Gaindegia Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia da. 2004 urtean sortu zen irabazi asmorik gabeko elkarte gisara, eragile ekonomiko eta sozialek osatuta dago, eta bere helburu nagusia herri ikuspegiz Euskal Herriari buruzko ezagumendua sortu eta eskaintzea da. Izan ere, Euskal Herrian bizi arren, gure Herria zertan den ezezaguna zaigu gehienoi; halaber, ez dugu elkar ezagutzen eta ondorioz ezin dugu Euskal Herriko eremu ekonomiko eta sozial bat egituratu. Euskal Herriaren baitan daude, ordea, aurrean ditugun erronken erantzunak. Gaindegia, beraz, eragile ekonomiko eta sozialei gure herriari buruzko ezagumendua eskaintzera datorren behategia da.