2018-04-09 15:03

2030 urtea ortzemugan Euskal Herriak biztanleak galdu ditzake. Hala dio behintzat INEk Hego Euskal Herrirako egiten duen prospektiba demografiko berrituak. Ipar Euskal Herrirako GAINDEGIAk egindako prospektibaren arabera, ordea, aurreikustekoa da biztanleria bolumena handitzen jarraitzea, nabarmenki Lapurdin.

Bi urtean behin INEk Hego Euskal Herrirako egiten duen biztanleria prospektibaren arabera, 2030 urtean egun baino 71.000 biztanle gutxiago izan ditzake Hego Euskal Herriak. Beste era batera esanda, 2017ko biztanleria bolumena portzentualki 2,5 puntu apaldu daiteke. INEren azken prospektibak Hego Euskal Herriko biztanleria gutxitzea aurreikusten du, baina bi urte lehenago egindako prospektiban baino modu lausoago batean. Izan ere, krisialdi ekonomikoaren zurrunbiloan marrazten hasitako joerak ez dira epe motzean bete. Horrek ortzemuga demografikoan eragin nabarmenak ditu.

Nola edo hala, INEren arabera biztanleria galera garrantzitsuena Bizkaian kokatu daiteke (-%5,1), ia 60.000 biztanle galtzeko arriskua daukalako. Gipuzkoako kasuan ere biztanleria galera 2,4 puntukoa izan daiteke, kopuru gordinetan, 17.000 bat biztanleen galera, alegia. Nafarroa Garaiak 2030 urtean praktikan egungo biztanleria bolumena mantendu dezake, eta Araban, aldiz, biztanleak egun baino gehiago izatea espero daiteke (+%1,5).

GAINDEGIAk Ipar Euskal Herrirako egindako biztanleria prospektibari jarraituz, ordea, datozen hamabost urteetan biztanleria bolumena handitzen jarraitzea espero daiteke. Horrela, 2030 urtean Ipar Euskal Herriak egun baino 21.000 biztanle gehiago izan ditzake. Iparraldeko biztanleriaren hazkundeak, edonola ere, Lapurdi du iturburu. Izan ere, datozen urteotan Zuberoak biztanleria galtzen jarraitzea espero daiteke, egun eta 2030 urte bitartean 1.700 biztanle galtzeraino. Kuantitatiboki zifra txikia iruditu arren, demografia ahula duen Zuberoa bezalako herrialde txiki batean galera horrek eragin negatibo nabarmena izan dezake. Zentzu horretan, neurriak hartu ezean, 2030 urterako Zuberoak egungo biztanleria bolumenaren %12a galtzea espero daiteke.

Bestelako joera espero daiteke Lapurdin. Milurtekoaren hasieratik herrialde honen hazkunde demografikoa indartsua da, eta etorkizunean indar hori zertxobait apaltzea aurreikusi badaiteke ere, Euskal Herrian portzentualki gehien hazten jarraituko duen herrialdea da. Horrela, 2030 urtean Lapurdik 280.000 biztanle izatea espero daiteke, egun baino 23.000 gehiago (+%8,8). Nafarroa Behereak, aldiz, egungo biztanleria kopuruari eustea espero daiteke. Honenbestez, aspaldian Lapurdiko kostaldean, eta batez ere, Baiona-Angelu-Miarritze aglomerazioaren inguruan indarrez gorpuzten ari den metropolizazio prozesua are gehiago indartzea espero daiteke.

BIZTANLERIAREN PROSPEKTIBA. EUSKAL HERRIA, 2017/2030.

Laburrean, Hego Euskal Herrian 1960 eta 1970 hamarkadetan industrializazio prozesuaren karira hazkunde demografiko azkarra nozitu zuten zenbait eremuk biztanleria galtzea espero daiteke hemendik eta 2030 urte bitartean. Aintzat hartu behar da hamarkada bi horietan Euskal Herriak ia milioi bat biztanle irabazi zuela, hau da, egungo bolumen demografikoa eta zahartze maila garai hartako hazkunde demografiko bizkorraren ondorioa den neurrian maila batean logikoa da etorkizunean biztanleria bolumena apaltzea.

Ipar Euskal Herrian, ostera, etorkizunean kostaldea eta barnealdearekiko desoreka areagotzea espero daiteke. Lapurdiko kostaldean gauzatzen ari den biztanleria metaketaren atzean Frantziar estatutik erakarritako biztanleria eta Ipar Euskal Herriko barnealdetik erakarritako biztanleria dago. Prozesu honek barnealdeko egitura demografikoaren zahartzea areagotzen du, eta kostaldea Frantziar estatuko jatorria duen adineko biztanleria erakartzeko eremua bihurtu den neurrian ere, kostaldeko zahartze demografikoa bera azkartzeko eragina dauka ere.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Gaindegia Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia da. 2004 urtean sortu zen irabazi asmorik gabeko elkarte gisara, eragile ekonomiko eta sozialek osatuta dago, eta bere helburu nagusia herri ikuspegiz Euskal Herriari buruzko ezagumendua sortu eta eskaintzea da. Izan ere, Euskal Herrian bizi arren, gure Herria zertan den ezezaguna zaigu gehienoi; halaber, ez dugu elkar ezagutzen eta ondorioz ezin dugu Euskal Herriko eremu ekonomiko eta sozial bat egituratu. Euskal Herriaren baitan daude, ordea, aurrean ditugun erronken erantzunak. Gaindegia, beraz, eragile ekonomiko eta sozialei gure herriari buruzko ezagumendua eskaintzera datorren behategia da.