2018-03-14 11:47

Petra Elser Frankfurten jaioa da, baina urteak daramatza Euskal Herrian. Kartzelan ikasi zuen euskaraz, eta behin handik aterata, itzulpengintzan jardun izan da literatura-lanak euskaratik alemanierara itzultzen, besteak beste, Sarrionandiaren “Lagun izoztua”.

Emakumea, ama, langilea, atzerritarra eta euskalduna izatea ez omen zen erraza izan hasieran, baina Euskal Herrian bere lekua eta identitatea baldintza horietan bilatu omen zituen. Esperientzia eta bizipen horietatik abiatuta sortu zuen 2009an Banaiz Bagera Elkartea Urnietan. Izan ere, euskara eta migrazioa lotzen diren eremuan sekulako hutsunea sentitzen zuen, eta elkartearen bidez, zenbait jatorritako pertsonen artean euskaraz bizitzeko aukera gehiago sortu nahi izan zituen.

Lan hori baliagarria izan zitzaion Euskal Herriak nortasun-elementu berri bat irudikatzeko beharra zuela ondorioztatzeko, gizarteko elementu guztiak, pertsona guztiak, aintzat hartuko dituena. Nola ez, iruditeria horrek euskaraz izan behar duela ere ondorioztatu zuen, euskarak ematen baitio gure herriari nortasuna.

Horien eta beste askoren inguruan arituko zaigu Euskara ari du Kultur Elkarteak hilaren 19an, astelehenean, arratsaldeko 19:00etan, Biteri Kultur Etxean antolatutako “Nik zugatik eta zuk nigatik. Nola eraiki euskal komunitate kulturanitza?” hitzaldiaren baitan.

Hernaniar guztiak gonbidatuta daude. Animatu eta azaldu!

 

Hernanin euskararen erabilera bultzatu nahi dugun ekimen bat gara.