2020-12-03 10:50

Izokina animalia anadromo ezagunenetariko bat da, hau da, ur gezetan jaiotzen da, ozeanoraino migratu, han hazi, eta ugaltzera ur gezetara itzultzen da. Jakina da ere, eta hala diote hainbat ikerketak, izokinen %90 jaio ziren erreketara itzultzen direla ugaltzera, usaimenaz baliatuta. Azken lau hamarkadetan ozeano Atlantikoko izokin populazio basatiek behera egin dute aldaketa globala dela-eta; izan ere, izokinen gehiegizko ustiaketak, horien habitat galerak eta zatiketak eragin oso nabarmenak izan ditu. Eragin hori Euskal Herriko izokin atlantiarrean (Salmo salar) ere behatu da.

Arazo horri aurre egiteko, 2016an Life-Irekibai programa jarri zuten martxan Nafarroako Gobernuak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, Leitzaran ibaian eta Artikutza naturgunean, besteak beste. Programaren helburua, izokinen “etxerako” itzulera erraztea da ibaian aurki zitzazketen oztopoak gutxituta, horrela, energia gehiago izango dutelako ugalketarako. Lan horri esker, Bidasoa eta Leitzaran ibaien goialdean izokin populazioak egonkortzea lortu da; eta ez hori bakarrik, ibaian eta ibarbasoan egindako lanak lagungarriak izan dira itsas lanproia (Petromyzon marinus) edota europar bisoiarentzat (Mustela lutreola).

Izokinak oso izaki sentikorrak dira ingumen estres eta aldaketa antropogenikoekiko; izan ere, bi ekosistematan bizi dira eta bizi ziklo konplexua dute. Horrek, izokinaren populazioen kontserbazioa eta kudeaketa zaildu egiten du hainbat denbora-espazio eskala hartu behar direlako kontutan. Horregatik, hasiera puntu bat izan arren, ez da nahikoa ibaiko oztopoak kentzea, habitat galera eta zatiketa gelditu eta itsasoko ustiaketa murriztea beharrezkoak dira. Horretarako, nazioarteko akordioak eta tokian tokiko arautegi eta kudeaketak sustatzea nahitaezkoa da, Euskal Herrian egin bezala. Izan ere, espezie edo populazio bat babesteaz gain bestelako onurak lortzen dira, inguruko biodibertsitatea sustatzen da, ziklo hidrologikoak eta elikagaienak kontrolatzen dira eta paisaia kudeatzen da besteak beste.

Erreferentzia bibliografikoak:

,,https://www.berria.eus/albisteak/190319/izokinak-egonkortu-egin-dira-bidasoaren-goialdean-eta-leitzaranen.htm

Olmos, M., Massiot‐Granier, F., Prévost, E., Chaput, G., Bradbury, I. R., Nevoux, M., & Rivot, E. (2019). Evidence for spatial coherence in time trends of marine life history traits of Atlantic salmon in the North Atlantic. Fish and Fisheries, 20(2), 322-342.

Riede, K. (2004). Global register of migratory species: from global to regional scales: final report of the R&D-Projekt 808 05 081. Federal Agency for Nature Conservation.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Euskalnatura taldea 2007tik dabil naturaren inguruko zientzia albisteen eta euskarazko edukien dibulgazioan. Horrez gain, Udako Euskal Unibertsitatearen natur zientzien saila zuzentzen du. Jardun horren baitan, hurrengo ekintza nagusia Natur Zientzien IV. Topaketa (Iruñea, azaroak 7-8) antolatzea da.