2020-12-17 12:27

Aragog. Masma (Shelob jatorrizko bertsioan). Lucas. Zuetako batzuek dagoeneko ezagutuko dituzue gaurko protagonistak. Hotzikarak gorputzean. Seigarren zentzumena martxan jarri da dagoeneko. Peter Parker-ek berak baino erreflexu hobeak ditu askok animalia horiek hauteman eta horietatik ihes egiteko. Araknofobia, ordea, alde batera utzi beharko da gaurkoan.

Ikerlari talde batek iberiar penintsulako natura parkeetako armiarma komunitateak aztertu ditu, euren dibertsitatearen patroiak azaltzeko. Horretarako, armiarma horien habitata ez ezik (Quercus espezie esanguratsua da aztertutako aldagaietako bat), inguruneko faktoreak ere hartu dituzte kontuan.

Emaitzek erakutsi dute iberiar penintsulako natura parkeetan erkametz basoen (Quercus faginea) inguruetan handiagoa dela armiarma espezieen aberastasuna ere. Halaber, tenperatura zenbat eta altuagoa izan eta prezipitazioak gutxitu, orduan eta handiagoa da endemismoen kopurua.

Uste da, armiarmen endemismo kopurua handiagoa dela leku idorragoetan iparraldeko espezieek gehiagotan erabiltzen dutelako ballooning delako dispertsio mekanismoa. Beraien amarauna airera bota eta paratxut gisaran erabiltzen dute, eta horrela haizeaz baliatuta leku batetik bestera iristen dira.

Bi emaitza horiek bateratzen baditugu, armiarma espezieen dibertsitatea klima mediterraneoan handitzen dela ondoriozta daiteke. Araknofoboen poztasunerako eta araknologoen zoritxarrerako, espezie gutxiagoko habitatak ditugu euskaldunok inguruan.

Iberiar penintsulako armiarma espezieak kontserbatu nahi badira, beraz, argi dago hartu beharreko norabidea. Era berean, mendira joan eta armiarmetatik urrun mantendu nahi baduzu, badakizu zein baso mota ekidin. Dena den, baten batekin topo eginez gero ere, lasai, Arania exumai! oihukatzearekin nahiko izango baituzu guztiek ihes egiteko. Horretarako, baina, Ollivander-en denda bisitatu beharko duzu lehenago eta hori ez da egiten erraza.

ERREFERENTZIAK:

Malumbres-Olarte, J., Crespo, L. C., Domenech, M., Cardoso, P., Moya-Larano, J., Ribera, C., & Arnedo, M. A. (2020). How Iberian are we? Mediterranean climate determines structure and endemicity of spider communities in Iberian oak forests. Biodiversity and Conservation, 29(14), 3973-3996.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Euskalnatura taldea 2007tik dabil naturaren inguruko zientzia albisteen eta euskarazko edukien dibulgazioan. Horrez gain, Udako Euskal Unibertsitatearen natur zientzien saila zuzentzen du. Jardun horren baitan, hurrengo ekintza nagusia Natur Zientzien IV. Topaketa (Iruñea, azaroak 7-8) antolatzea da.