2025-12-02 14:43

Euskararen Nazioarteko Egunaren bezperan, Euskalgintzaren Kontseilua osatzen duten euskararen aldeko gizarte eragileen ordezkariek adierazpen bateratua irakurri dute. Euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuak bizi duen kinka larriaren irakurketa eta hura gainditzeko bidearen proposamena azaldu ditu Idurre Eskisabel Larrañaga Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak.

2024ko Euskararen Egunaren testuinguruan adierazitako larrialdi linguistikoaren diagnostikoa berrestearekin batera, euskararen biziberritzeko prozesuaren erronka nagusiak zerrendatu ditu Kontseiluak, larrialditik indarraldira bidea martxan jartzeko adierazitako konpromisotik abiatuta: hizkuntza politiketan jauzi bat bultzatzea, eta euskaltzaletasuna indartzea.

Lehenengoari dagokionez, irailean aurkeztu zuen adostasun zabaleko Itun Soziopolitiko berrirako eskaintza, hizkuntza-politiketan luzamendurik gabe eman beharreko jauzia edukiz betetzen duen proposamena, erakunde publikoei, indar politikoei eta eragile sozialei zuzendutakoa.

Euskaltzaletasunaren aktibazioari dagokionez, norbanakoei zuzenduta, euskaltzaletasuna eta euskararen aldeko ekimenak bultzatzeko deia egin du Kontseiluko idazkari nagusiak. Halaber, abenduaren 27an Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du, Pizkunde berri baten «lehen txinparta» bihur dadin. Ekitaldiaren informazioa, egitaraua eta sarrerak www.pizkundea.eus atarian daude.

Azkenik, erakundeekin elkarlanean jarraitzeko borondatea azaldu du, eta adierazi du euskarari etorkizuna emateko ezinbestekoak direla euskalgintzak metatutako ezagutza, giza kapitala eta engaiamendua. Erakundeei aitortza hori egitea eskatu die Euskalgintzaren Kontseiluak.

 


 

2025EKO EUSKARAREN EGUNEKO
ADIERAZPENA

Orain urtebete, 2024ko Euskararen Nazioarteko Egunaren kariaz, euskara eta euskal hiztun komunitatea hizkuntza-larrialdian geundela adierazi genuen Euskalgintzaren Kontseilua osatzen dugun eragileok. Larrialdian ginela adierazi eta argudiatu genuen datu soziolinguistikoak, estatusarekin ditugun arazoak eta globalizazioaren egungo aldaerak parez pare jarri dizkigun erronka itzelak aintzat hartuta. Baina orain urtebete egin genuen adierazpen garrantzitsuena ez zen hori izan, baizik eta euskal gizartearekin hartu genuen konpromisoaren azalpena. Izan ere, hitz eman genuen etsipenari iskin egin eta larrialdia indarraldi bihurtzeko ahaleginari ekingo geniola kementsu.

Gaur, urtebeteren buruan, zoritxarrez, euskarak eta euskal hiztun komunitateak larrialdian segitzen dugu. Amaitzear den 2025 honek ekarri digun albisteetako bat da Siadecok UEMArentzako egindako ikerketaren arabera hizkuntza-politiketan jauzi bat egin ezean 2036an euskarari ez zaiola arnasgune geografikorik geratuko. Beste albiste bat: oldarraldi judizial, mediatiko eta politikoak ez duela atsedenik izan. Astean behingo maiztasunez datoz euskararen normalizazioaren aurkako epaiak, ofizialtasunaren eraisketa sistematiko bat ari da gertatzen… Ez da dudarik, etorkizuna dago jokoan.

Baina albistea da, baita ere, Kontseiluak aurrera egin duela orain urtebete hartutako konpromisoan, larrialdia indarraldi bihurtzeko bidean. Batetik, euskararen normalizazioan jauzia ematearen aldeko adostasun soziala zabaltzeko engaiamenduari dagokionean. Hain justu, irailaren 26an aurkeztu genuen Batuz Aldatu prozesuaren emaitza: ‘Itun soziopolitiko berrirako eskaintza’. Dagoeneko Euskal Herri osoko 130tik gora gizarte eragile dira euskararen normalizazio eta biziberritzean aurrera egiteko zumeak jartzen dituen proposamen honekin bat egin dutenak: Athletic edota Reala, Bizkaiko Abokatuen Elkargoa zein Gipuzkoako Erizainena, Mondragon Korporazioa zein Iparraldeko Laborantza Ganbera, Bilgune Feminista eta pentsionisten elkarteak, Euskal Aktoreen Batasuna zein Nafar Ateneoa… Gure gizarte askotariko eta konplexuaren lagin zabala. Azkena batu direnen artean daude EHU, Deustuko Unibertsitatea edota Labayru Fundazioa.

Horien denen artean jositako akordio soziopolitiko berrirako proposamenean argi jasotzen dira zeintzuk diren euskararen normalizazioan aurrera egiteko ez ezik, gure gizartean hizkuntzaren inguruan ditugun korapiloak askatzeko bi gakoak: batetik, etorkizunean herritar denek euskararen jabe izango diren gizarte baterako zumeak jartzea. Bestetik, erabileran eragitea, normal erabiltzeko eremuak sortuz, garatuz eta hedatuz. Finean, horiek dira hizkuntza ideologia supremazista eta baztertzaileak gainditu, eta hizkuntza berdintasunean, justizia sozialean, askatasunean eta bizikidetzan aurrera egiteko bidea. Laburbilduz, demokrazian sakontzekoa.

Kontseiluak hartutako konpromisoaren beste emaitza bat da euskarari Pizkunde berri bat emateko helburuz euskaltzaletasunaren giharra indartzeko abiatutako bidea. Orain urtebete esan genuen larrialditik indarraldirako urratsa egiteko modua euskara lehentasunetara ekartzea dela, lehen lerrora. Eta horrek izen bat dauka: euskaltzaletasuna.

Hain zuzen ere, lehenago ere izan da euskararen etorkizuna jokoan, eta galtzear izan den une horietako bakoitzean, euskaltzaletasunak, euskaltzaleek, eragin dute euskararen Pizkundea. Milaka herritarren eguneroko erabaki, ekintza eta keinuek. Euskaltzaletasunak ekarri du euskara bizirik gaurdaino. Euskaltzaletasuna itxaropena baita. Mundua ikusteko modu bat. Arestian aipaturiko jarrera supremazisten aurrean hesi bat, hizkuntza, herri, kultur, hiztun komunitate eta hiztunen berdintasunarekin engaiatua. Mundua hain aldrebes dabilen garaiotan oinarrizko gizatasun balioekin uztartzen den jarrera politiko bat. Izan ere, mundua hainbeste eskubide eta balioren aurka datorren honetan, euskara dugu guk munduaren alde.

Beraz, kinka larri honetan ezinbestekoa da berriro ere euskara lehen lerrora ekartzea, euskaltzaletasuna indartzea. Gizarte eragileak horretan ari gara. Milaka herritar sumatzen ditugu horretarako prest. Eta, orain urtebete esan genuen bezala, indar politikoek eta, bereziki, instituzioek beren erantzukizun eta eragin gaitasunetik euskara lehen lerrora ekartzea eta euskaltzaletasunera lerratzea ezinbestekoa da. Euskara larrialdian dago eta hizkuntza-politiketan jauzi bat egitea ezinbestekoa da etorkizuna bermatzeko. Luzamendurik gabe. Itxaropena jorratzeko garaia da, baina ez itxarotekoa. Jauzia orain behar dugu, berandu izan ez dadin.

Orain urtebete bezala jauzi horretan erakundeen lagun eta kide izateko prest segitzen du euskalgintzak. Elkarlanerako besoak zabalik. Azken hamarkada luzeetan euskararen normalizazio eta biziberritzearen egunerokotasun xumearen garraiatzaile nagusi izan den euskalgintzak: hezkuntzan, helduen euskalduntze-alfabetatzean, euskaltzaleen saretze eta aktibazioan, eremu sozio-ekonomikoan, kulturan, hedabideetan, ezagutza soziolinguistikoaren lanketan, teknologia berrietara egokitzen… Sarritan borondatezko ekimenez, sarritan baldintza prekariotan, baina beti itxaropena eta euskararekiko eta gizartearekiko konpromisoa ipar. Euskarari etorkizuna emateko ezinbestekoak dira euskalgintzak metatutako ezagutza, giza kapitala eta engaiamendua. Eta, jakina, euskalgintzako eragileei horren aitortza egitea.

Honekin batera, euskaltzaletasuna indartzeko deia egiten diegu norbanako euskaltzale guztiei, bizi diren herri eta auzoetan, lantokian, ikastetxeetan, zein arlo guztietako elkarteetan batzera, elkarrekin antolatzera, hizkuntzaren auzia mahai gainera eta lehentasunetara ekartzera, ekimenak biderkatzera.

Beraz, hel diezaiogun honi guztiari bihartik. Hasteko, 2025eko Euskararen Eguna izan dadila guztiok euskararen Pizkunde berriari begira jarriko gaituen data. Eta horren ostean, abenduaren 27an, bihur dezagun Bilbao Arena Pizkundearen lehen txinparta: batu gaitezen bertan euskaltzaleok, hizkuntza berdintasunean, askatasunean eta justizia sozialean sinesten dugun herritarrok. Eta, jakina, euskarari etorkizun bizi eta oparo bat eman nahi diogun guztiok.

Euskaltzaleon garaia da, badator Pizkundea! 

2025eko abenduaren 3a 

 


Jarrai gaitzazu sare sozialetan eta jaso gure jardunaren berri: 

IZAN LAGUNTZAILE EUSKARAREN ALDE!

 

EUSKALGINTZAREN KONTSEILUA 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Euskalgintzaren Kontseilua euskararen normalizazioan diharduen erakundeen bilgunea da. Euskararen lurralde osoan dihardu lanean bertako erakunde, instituzio, eragile eta agenteen arteko elkarlana eta inplikazioa bultzatuz. https://kontseilua.eus