2018-04-06 16:52
Iparraldeko ardi hazkuntzen bazka hemengo pentzeetako kalitatean eta iraunkortasunean oinarritzen da. Euskal Herriko klimari esker, belarra pusatzen da geldi geldia kasik urte guzian.
Biharko Lurraren Elkarteak (BLE) eta Euskal Herriko Laborantza Ganbarak (EHLG), interesatuak diren laborariak jarraikitzen dituzte alha aldizkatze dinamikoa plantan ezartzen, pentzeak ahal bezain ongi kudeatzeko.
 
Zer da alha aldizkatze dinamikoa ? Eta preseski zendako dinamikoa ?
 
Artaldea alhazteko teknika berezia da, pentzea puskatan zatitzen baita. Pentze-peza horiek txandaka alhatuak dira. Anitz ardi ezartzen da denbora labur batentzat.
 
Alha-aldizkatze dinamikoaren 3 oinarriak :
 
  • 3 hostoen heina igurikatu behar da kabalak pentzean ezarri aitzin. Landareak fotosintesia bere hostoeri esker egiten du, eta horri esker pusatzen da ; handitzen da erreserbak eginez. Gramineak deitu landare lastoduna 3 hostoko heinera heltzen delarik, bere erreserbak eginak ditu eta belarrak hazkurri balio paregabea du.

 

  • Kabalak egunerdi bat eta 3 egun artean gehien gehienik utzi behar dira pentze-pezan, belarra pusatzen ari den mementoan. Hortako da erraiten teknika hau dinamikoa dela.

 

  • Jakin behar da 4garren egunetik goiti belarra arrapusatzen hasia dela. Ardiek, jaten dutena hautatzen dute. Arrapusatzen ari diren hosto gazteak nahiago dituzte, gozo eta azukratuak baitira. Gustukoak dituzten alhagune horietaz untsa oroitzen dira, eta beraz berriz horrat jin nahiko dute. Uzten badira, landarearen zangoa jaten eta beraz leherrinazten dute.
 
Alhaziak izan diren pezak pausan utzi behar dira, belarra berriz pusatzen uzteko. Kabalak kendu eta, belarra arrunt guti pusatzen da hastapen batean, bere
erreserben egiten ari baita. Ondotik, izigarri fite pusatzen da. Belarrak emaitza azkarrak ditu pusatze azken egunetan.
Orduan, sasoinen arabera, errespetatu behar den pausaldia iraupen desberdinekoa da : 20 egun pausa primaderan, 45 egun udan, 35 egun larrazkenean eta 60 egun baino gehiago neguan.
 
 
Zein dira teknika horren abantailak ?
  • Kabalak alhan libreki uztea baino pentze emankorragoak dira teknika huni esker eta belarre fiteago pusatzen da.
  • Pentzeak ez dira larrutuak, orduan iraunkorragoak dira. Belar mota desberdinak begiratuak dira eta belar tzar guti bada.
  • Etxaldeko bazkatze gastuak apaltzen dira, belarra baita bazka merkeena eta hazkurri egokiena kabalentzat.
 
Zein dira trabak ?
  • Hala ere, ardiak bazkatu behar dira batzutan, arditegian edo kanpoan, aipatu 3 hostoko heina igurikatzeko artean.
  • Zerrailuak ere egin behar dira, material pixkat behar da, kloturak erosi behar dira eta artaldeak edatekoa ukan behar du

 

Gehiago jakin - www.ehlgbai.org

 

Euskal Herriko Laborantza Ganbarako berriak jarraik itzazu, harpidetu gure Facebook orriari !

 

 

2005eko urtarrilaren 15ean sortu zen Euskal Herriko Laborantza Ganbara. 1901 legedian oinarritzen den laborantza-garapenerako elkartea da. Laborantza herrikoi eta iraunkorraren alde lan egiten du, laborantza eta laborarien zainketan eta tokiko garapenaren alde. Euskal Herriko Laborantza Ganbarak, Euskal Herrian laborantza herrikoi batentzat lan egiten du, helburu horiek segituz: kalitatezko elikadura sanoa ekoiztea, lurralde osoan banatuak diren etxaldeetan; laborari ainitz baten laguntzea, heien lanaz oneski bizitzeko; biharko baliabide naturalak eta baserri ingurumenak zaintzea. Laborantza herrikoiaren 6 gaiek zeruhertza irudikatzen dute, iparrorratza. Orientabide hori hainbat programa, ekintzetan deklinatzen da, 4 lan ardatzen inguruan: laborantza politiken jarraipena instalazioa eta transmisioa balio erantsia garapena eta lurraldea