2017-07-01 11:30

GOZAMENA, GURE AIZKORARIK ZORROTZENA!

Kontzentrak, protokoloak, abesti ez-sexisten playlist-ak, watsapp mezu kateak, antortxak, kartelak eta pintadak, buruberoki beltzak, zapi moreak... Txis pun! Heldu dira jaiak. Badator eraso sexisten ofentsiba basatiaren garaia, baita gure erantzun feminista guztiak martxan jartzekoa ere. Baina festak erasoak eta erantzunak baino gehiago dira. Festak gozatzeko espazioak dira. Go-za-tze-ko!

Ezin saihestu genezake “jaiak bai, borroka ere bai” leloa gogoratzea. Erritmo frenetikoan bizi gara, lanetik asanbladara, asanbladatik txosnara... eta garrantzitsuena ahazten zaigu: sistemaren eraldaketan parte-hartzeko orduan, gozatzea aintzat hartzea. Gozatzea herri libre eta bizigarriagoa eraikitzen. Borrokaz eta borrokan gozatzea. Gerran ere maitasun abestiak badirelako, dantza dezagun edo bestela hau ez da gure iraultza izango. Eta iraultzen ez badugu, ez delako gure dantza izango.

Denok gozatzeko, ezinbestekoa da, besteei gozatzen uztea eta jaiak, ekimenak eta plazak birpentsatzea. Bide horretan emakumeon* gorputzen kontrako gerrarekin amaitu behar da ezinbestean. Bitartean, espazio seguruak sortzen jarraituko dugu. Espazio seguruez gain espazio gozagarriak nahi ditugu emakumeok, gorputz ez hegemonikoen ahalduntzerako zubia delako plazera, autodefentsarako beste ate bat, alegia. Horrek indarkerien fokua zabaldu eta galdera berriak egitea eskatzen digu:

Adibidez, nork dauka gure jaietan, gozatzeko askatasun oso eta ukaezina? Nork dantza dezake nahi duen espazio guztia erabilita? Nork jantzi eta erantzi lezake arropa nahi duen bezala? Nork egin dezake txiza kalean; begirada, irri edo inolako irainez salbu? Nor joan daiteke bakarrik etxera askatasunez? Nor dago eroso? Nork garbitzen ditu, etxe gehienetan, egun handirako behar dituzun konpartsa, peña edo koadrilako kamiseta eta leporako zapiak? Nork goza dezake bazkari batean hamaika aldiz altxatu gabe? Nork sentitzen du bere burua ordezkatuta oholtzan? Nolakoak dira antolakuntza eta sormen prozesuak? Nolako espazio eta hiri/herri eredu sortzen ditugu? Galdera sorta hau zizka mizka baino ez dela kontuan hartuta, oraindik pentsa daiteke, gure herriko jaiak denontzat espazio gozagarri direla?

Festak eduki sinbolikoa duten jendarte eta kultur adierazpenak dira, errealitatearen adierazle kondentsatuak. Jaietan jendartean dauden gatazkak, zapalkuntzak eta diskriminazioak erreproduzitzen dira. Baina ez dezagun ahaztu ordena irauli eta disidentziarako baliatu ditzakegula ikuspegi eraldatzailea txertatuz gero.

Guztion plazera erdigunean jartzeko denok parte-hartzeko aukera sentitu behar dugu: erabakietan, ikuskizunetan, jai batzordean edo barraren bi aldeetan. Oinarrizko ideia dela dirudien arren, gertu ditugu alardea, mutil dantza edo antzerakoetan emakumeon parte-hartzea mugatzen duten jarrerak eta erresistentziak. Eremu honetan hainbat aurrerapauso eman dira emakumeon ikusgarritasuna gehiago sustatuz. Baina aldaketa ez da kuantifikatu, kontatu ahal den zerbait bakarrik. Aldaketak kualitatiboa ere izan behar du integrala, muinekoa eta aldagai bakoitza zeharkatuko duena. Beraz, ikusezin eta naturalizatuta dauden jarrerak eta “nahi gabe” egiten diren kontuei arreta jartzea funtsezkoa da. Hortxe baitago batzuen eta besteen gozamenerako giltza, baita bestelako indarkeria gordinetako oinarria ere. Soilik gure jardunaren eta ekintzen jabe bagara eskaini ahal izango ditugu guztiok gozatzeko moduko ikuskizun, kalejira, harreman, musika, otordu, txaranga, jolas zein dantzak.

Gozamenez egin ditzagun plazak, etxeak eta kaleak atseginago, bizigarriago, bihurtzeko baina, baita ahalduntzeko, jakintzak partekatzeko, aliatzeko, elkarrekin boteretzeko eta askeago izateko ere. Jarraitu dezagun erantzuten, saretzen, negoziatzen... eta gozatzen. Hauxe izango da gure arma: gozamena gure aizkorarik zorrotzena!

 

EUSKAL HERRIKO BILGUNE FEMINISTA

Euskal Herrian, 2017ko ekainaren 29an.

---

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Euskal Herriko Bilgune Feminista (EHBF) 2002an sortutako nazio mailako erakunde feminista eta abertzalea da, esparru ugarietako emakume asko eta askotarikoen hausnarketatik sortutako egitasmoa. Euskal feminismoaren eta euskal feministen oinordekoak gara. Hark ezartzen digun zapalkuntza hirukoitzaren (klase-zapalkuntzaren, nazio-kultura zapalkuntzaren eta sexu-generoaren zapalkuntzaren) aitortzatik abiatuz aztertzen dugu errealitatea eta ikuspegi horretatik egiten diogu aurre errealitate horri. Pixkanaka, askotariko zapalkuntza horien elkarreraginean eta intersekzionalitatean jarduten dugu, zapalkuntza-sistema orotatik askatu eta Euskal Herri burujabe eta feminista baten aldeko borrokan.