2017-04-05 11:30

Gipuzkoako pentsionisten elkarteak, DUINTASUNAK, apirilaren 10ean antolatu duen MANIFESTAZIOAREKIN bat egiten dugu eta mezu honen bidez eragile sozial, sindikal zein herritarrei dei egiten diegu mobilizazioan parte hartzeko. Gasteizen eginiko azken Asanbladan onartu genuen EBAZPENAren ildotik, Euskal Herrian 1080€-ko gutxieneko pentsioa aldarrikatuko da mobilizazio honen berri.

--

MANIFESTATU ZAITEZ - EZ DIEZAZUTELA PENTSIOA LAPURTU

Apirilaren 10an, 12:00etan, Donostiako Bulebarrean

Kezkatzeko moduko egoeren aurrean gaude, eta kontua da  etxe askotan  gorriak ikusten ari  garela  hilabete amaierara iristeko edo zaitasun handiz egiten dugula.

Pobretutako klase sozial baten kide gara, bihotzik gabeko sistema kapitalista honek indartzen dituen soldata  baxuen, lan prekarietatearen , pentsio ziztrinen eta  ikaragarrizko ezberdintasunen ondorioz.

Gipuzkoan 183.384 pertsona gara pentsionistak, biztanleriaren % 26, erdiak 1.080 €-tik beherako pentsioak kobratzen ditugu, eta emakumeak pentsiorik  baxuenak ditugu; era berean, 43.600 alargunen % 90 emakumeak gara, eta bataz beste gure pentsioa 743 €-koa da, azkenik, DSBE (diru-sarrerak bermatzeko gutxieneko errenta) kobratzen  dutenen % 27 pentsionistak dira, eta horietatik % 67 emakumeak. Errealitate  gordin horren parte garenok ez dugu onartuko politikariek eta Eusko Jaurlaritzak miseria gorrian bakarrik utz gaitzaten, gure pentsioen erosteko ahalmena bermatu  gabe eta duintasunik  gabeko zahartzaroarekin.

Lanean aritu ginen, atsedenik gabe eta duintasunez bizi  nahi ditugu  gure bizitzen azken urteak. Gaur egun, zoritxarrez, boterean dauden eta ekonomia gobernatzen duten politikariei ez zaie askorik  inporta zein egoeratan gauden pentsionista asko. Baina,  hori bai, asko inporta zaie aberatsei laguntzea eta  mesedeak egitea, zerga gutxiago ordaindu eta beren soldata itzelak eta  neurriz kanpoko pentsioak manten ditzaten.

2016ko irailaren 21ean Eusko Lege Biltzarrean 71.724 sinadura aurkeztu genituen, 1.080 €-ko gutxieneko pentsioa  izateko  eskubidearen alde eta Euskadin  Pentsio eta Gizarte Segurantza Sistema Propioa eskatzeko. Eusko Jaurlaritzak dioenaren arabera, “lehendabizi pertsonak” lelotzat du, baina alde batera utzi gaitu. Dena den, 71-724 sinatzaileak pertsonak gara  eta uste dugu gure eskubideen alde egiten dugula eta ez gara nekatuko errepikatzen, aintzakotzat hartzen  gaituzten arte, gure bizitzak eta osasunak haien etekinak baino askoz  gehiago balio dutela.

PENTSIOAK EZ DIRA BAKARRIK ADINEKO PERTSONEN ARAZOA,  GURE ARAZO HANDIENETAKO BAT DA

//////////////////////////////////

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Euskal Herriko Bilgune Feminista (EHBF) 2002an sortutako nazio mailako erakunde feminista eta abertzalea da, esparru ugarietako emakume asko eta askotarikoen hausnarketatik sortutako egitasmoa. Euskal feminismoaren eta euskal feministen oinordekoak gara. Hark ezartzen digun zapalkuntza hirukoitzaren (klase-zapalkuntzaren, nazio-kultura zapalkuntzaren eta sexu-generoaren zapalkuntzaren) aitortzatik abiatuz aztertzen dugu errealitatea eta ikuspegi horretatik egiten diogu aurre errealitate horri. Pixkanaka, askotariko zapalkuntza horien elkarreraginean eta intersekzionalitatean jarduten dugu, zapalkuntza-sistema orotatik askatu eta Euskal Herri burujabe eta feminista baten aldeko borrokan.